Joan zen urtean izandako arrakastaren ondotik, heldu den maitzaren 19an ospatuko da Donostia eta Bilbon 2012ko Sratch eguna.
Scratch haurrei zuzendutako aplikazio informatikoa da. Interfaze erraz baten bitartez, ordenagailuen programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikasi eta lehen saiakerak egitea ahalbidetzen du.
Scratch eguna ospakizun hutsa baino gehiago da, urte osoan garatzen den hezkuntza proiektua du oinarrian. Maiatzaren 19an ospatuko den ekitaldi sorta izango da prozesu hori amaitzeko modua. Lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Scratch erabiliaz eginiko proiektuak ezagutarazi eta beraien bizipenak partekatzeko aukera izango dute Bilboko Alhondegian eta Donostiako San Telmo Museoan. Horrez gain, joan zen urtean eginiko moduan, Scratch zer den eta zein erabilpen izan dezakeen jakin nahi dutenek (familia, irakasle, gazte taldeek) tailer eta hitzaldi irekiak izango dituzte.
Donostiako Scratch eguna San Telmo Museoan hasiko da goizeko 9:00etan. Jardunaldi honetan 5. eta 6. mailako ikaslez osatutako 6 taldek hartuko dute parte. Proiektuak aurkeztuko dituzten taldeek prestaketa lanak egiten dituzten bitartean, helduei zuzendutako tailer eta hitzaldi formatiboak izango dira hitzaldi aretoan. Eguerditik aurrera, eskola bakoitzak burututako lanaren inguruko azalpenak eskainiko ditu Pedagogia laboratorioan eta zuzeneko konexioak izango dira Bilbo eta Madrilen Scratch eguna ospatzen ari diren taldeekin. Aurkezpen guztiak amaitu ostean sari banaketa egingo da.
Scratch Day MIT Media Lab elkarteko “Lifelong Kindergarten Group” taldeak sortutako eta garatutako ideia da. Munduko hainbat tokitan aldiberean egiten den jardunaldia da, eta ekitaldi bakarrean batzen ditu partekatzen ikasteko eta ezagutza konpartitzeko interesa duten pertsonak; betiere, Scratch delarik lotzen dituen ardatza.
Bertaratzeko aukerarik ez duten irakasleek Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailak GARATU izenarekin urtero-urtero egiten duen deialdiko prestakuntza-eskaintzaren barruan topatuko dute Scratch-i eskainitako ikastaroa. Programazio-ingurune horren oinarrizko maila ezagutzea eta ikasgelan zergatik izan daitekeen baliagarria azaltzen saiatuko dira bertan.
Tabakalerak horrelako ekimenak sustatu nahi ditu. Horregatik, formazio saioetan esku hartu eta antolaketan buru-belarri aritu den taldearekin elkarlana estua izan da. Gainera, irabazleei banatuko zaizkien Lego WeDo kitak ere eskainiko ditu. Helburua Scratch eguna ezagutarazi eta zabaltzea da.
