Zientzia Asteak ateak zabaldu ditu Tabakaleran | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
08-11-2018 12:00

Zientzia Asteak ateak zabaldu ditu Tabakaleran

Tabakalerak gaur hasita eta larunbatera arte Zientzia Astea 2018 hartuko du, Euskal Herriko Unibertsitateak lurraldean antolatutako zientzia-ekitaldi handiena.

Zientzia txokoak, lantegiak edota ikuskizunak izango dira, besteak beste, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren Patio aretoan.

Zientzia Astearen hemezortzigarren edizioa, hau da, UPV/EHUko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteak, Tabakaleran zabaldu ditu gaur ateak. Jarduera ludikoz eta pedagogikoz osatutako programa bat eskainiko du, adin guztietakoei zuzenduta, eta helburua da euskal gizartea zientzi eta teknologi mundura ekartzea, eta gizartea gonbidatzea zientzia entzun, dastatu, behatu, usaindu, ukitu eta sentitzera. Zientzia Astea bost hiritan egingo da lehen aldiz, aurten Eibar ere sartu baita, aurreko urteetako hiriez gainera: Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Barakaldo.

Donostian Zientzia Astea gaur aurkeztu da eta ekitaldian parte hartu dute: Markel Olano diputatu nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak eta Jose Luis Martin UPV/EHUko Ikerketa arloko errektoreordeak.

Edizio honetan, Zientzia Asteak eskaintza zabala prestatu du, doako ia 190 jarduera inguru.  Bisitariek zientzi txoko, lantegi, txango, erakusketa, bisita gidatu eta lehiaketetan parte hartu ahalko dute, eta, nola ez, zientzia, musika eta umore barra-barra konbinatzen dituzten Zientzia Clubeko bakarrizketez gozatu. Jarduera guztiak dira doakoak eta lantegi, txango eta bisita gidatuetarako bakarrik eman behar da izena. Nahiz eta plaza asko hartuta egon jada, oraindik bada plaza librerik. Izen ematea doakoa da, izen emateari eta programa osoari buruzko informazio guztia webgunean kontsulta daiteke: http://zientzia-astea.eus .

Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteak bisita gidatuak eskaintzen dizkie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei. Azaroaren 7tik aurrera milaka ikasle hurbilduko dira egoitzetara eta Zientzia Astean dauden txokoak ezagutuko dituzte, besteak beste: matematika, arkeologia, astronomia eta genetika txokoak. Txokoak jende guztiari irekita daude Zientziaren Asteak iraun bitartean.

 

Zientzia arlo guztiak denentzat 5 egoitzatan

Tabakalerako Zientzia Astean 14 txoko eta 12 lantegi izango dira, eta arlo hauei buruzko jarduera, jolas eta erakustaldiak eskainiko dira: robotika, geometria, astronomia, nanozientzia eta birziklatzea. Lantegiak izango dira, esaterako, Tabakalera inguruneko kutsadura akustikoa neurtzeko. Txango geologikoak egingo dira Donostiako kaleetan barrena, eta Aquarium, Mater Museoa eta Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagut ditzakegu.

 

Zientzia Astearen programa zientzi ikuskizun batez osatuko da, bost hirietan ikusi ahalko dena. Eta bost lehiaketa izango dira: X. Argazki Lehiaketa, Haiku Matematikoak, Ehuskarabanda, Zer egin dezakegu hondakinen arazoa konpontzeko? eta “Saria duten arazoak”. Aurreko urteotan sekulako arrakasta izan zuenez, berriro dator gai eta bakarlari berriekin Zientzia Club. Umore, musika eta, jakina, zientzia piloa, horiexek dira Zientzia Club formularen hiru osagaiak. Hortaz, osagai horiek gogoan izanda, UPV/EHUko espezialistek hitzaldi laburrak eskainiko dituzte zientzi gaiei buruz. Zientzia Clubek Donostian eskainiko duen saioa larunbatean izango da, 19:00etatik aurrera.

Hemen informazio gehiago: www.zientzia-astea.eus .

UPV/EHUk antolatzen du Zientzia Astea, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, Barakaldoko Udalaren, Eibarko Udalaren, Bilboko Udalaren, Euskaltelen, BBKren, Iberdrolaren, Bibat Museoaren, Tabakaleraren, Euskotrenen, Metro Bilbaoren, Euro-Helpen, EVEren, eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.