Nest Film Students lehiaketak izena emateko epea zabalduko du | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
31-05-2019 12:30

Nest Film Students lehiaketak izena emateko epea zabalduko du

Zinema ikasleen nazioarteko topaketaren XVIII. edizioa 2019ko irailaren 23tik 27ra, astelehenetik ostiralera, izango da.

Donostia Zinemaldiaren Nest Film Students-en XVIII. edizioak bihar, ekainak 1, irekiko du izena emateko epea. Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak (Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea) antolatuta, zinema ikasleen nazioarteko topaketak -iaz izen berria jarri zitzaion, Nest Film Students- ikus-entzunezkoen arloko esperientziak elkarbanatzea du xede, urteroko zinema jaialdi nagusietako batean.

Nest topaketa Zinemaldiaren sailik garrantzitsuenetakoa da, talentu berriak sustatzeko estrategiaren barruan, eta bost egun iraungo du, irailaren 23tik (astelehena) 27ra (ostirala).

Gazteek beren film laburrak erakusten dituzte eta urtero topaketaren esparruan egiten diren profesionalen arteko bileretan eta eskola magistraletan parte hartzen dute. Iaz, Alexander Payne, Peter Strickland, Jaime Rosales, Albertina Carri eta Virgil Vernier zuzendariek beren ezagutzak partekatu zituzten ikasleekin. Ikusleek, ikasleek eta profesionalek hautatuak izan diren film laburrak ikusten eta iruzkintzen dituzte, eta eztabaidak sortzen dituzte praktika eta teoria zinematografikoari, dauden ekoizpen-ereduei eta zinema-industriari buruz.

Zine eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake, azken 12 hilabeteetan eginak, eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko.

Epaimahai berariazko batek aukeratuko du 'Nest Film Students Film Labur Onena saria', Orona Fundazioak babestuta. Epaimahai hori parte hartu duten ikastetxeetako ikasleek osatuko dute eta zinemaren munduko pertsonaia ezagun bat izango du buru –lehengo urtean Virgil Vernier zinemagile frantsesa izan zen–. Sariaren hornidura ekonomikoa bikoiztu egin du Oronak eta aurten 10.000 €-koa izango da.  

Proiektuen izena online eman ahal izango da, bihartik aurrera (ekainak 1). Araudia eta Nest topaketari buruzko informazio gehiago eskuragarri dago Zinemaldiaren webgune ofizialean, www.sansebastianfestival.com eta Tabakaleraren webgunean, www.tabakalera.eu. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 1ean amaituko da.

Nest Film Students topaketa Donostia/San Sebastián 2016, Europako Kultur Hiriburua proiektuaren ondarearen parte da.