Alberto López eta Manuel Pradosen ‘Lorategi inbaditzailea’ proiektua aukeratu dute ‘Egonaldia Lurrean’ deialdian | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2017-12-22 14:00

Alberto López eta Manuel Pradosen ‘Lorategi inbaditzailea’ proiektua aukeratu dute ‘Egonaldia Lurrean’ deialdian

Sevillako artistek landare inbaditzaileen espeziez osatutako lorategi botaniko bat eraikitzea proposatu dute.

Cristina Enea Fundazioaren eta Tabakaleraren arteko elkarlanaren emaitza den egonaldi honek lau eta zortzi aste bitarteko iraupena izango du eta 2018ko otsail eta maiatza bitartean gertatuko da.

 

Pasa den asteartean, abenduak 18, proiektuen proposamenen ebaluaketarako batzordea bildu zen. Batzordea, Ibon Aranberri, artista; Olaia Miranda, ikertzaile eta artista, erakundeen aldetik Ane Rodríguez Armendariz, Tabakalerako zuzendari kulturala eta Lidia Montesinos Cristina Enea Fundaziotik, osatu zuten.

Alberto López eta Manuel Prados artista sevillarren El jardín invasor (Lorategi inbaditzailea) proiektua aukeratu dute Cristina Enea Fundazioak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak elkarrekin abiatutako Egonaldia Lurrean deialdian.

Deialdi honek helburu du ekoizpen-prozesuak babestea eta kontzeptuan eta ekoizpenean laguntza eskaintzea, baita ondoko gaiei buruzko sentsibilizazioa eta hausnarketa sustatzea ere: ekologia-arazo garaikideak, sentsibilitatea eta hiriaren zein hiri-landa guneen eraikuntza.

Bi artistek euren egonaldia, lau eta zortzi aste bitartekoa, 2018ko otsail eta maiatza bitartean egingo dute Tabakalerako Sortzaileen gunean.

 

EL JARDÍN INVASOR (PSIDIUM HORTUS)

Proiektuak inbaditzaileak diren landare-espeziez osatutako lorategi botanikoa eraikitzea proposatzen du. Horretarako, lehendabizi Euskal Herrian modu naturalean jaiotzen diren talde honetako espezieak identifikatu eta aztertuko dituzte, kolonialismoarekin duten harreman historikoari men eginez. Euskal lurraldean sustraituta dauden espezie aloktonoen aukeraketa batetik abiatuko dira, kasu gehienetan, paisaiaren propioak direnak eta Europako inperio handien kolonizazioaren eraginaren ondoriozkoak. Proiektuak lorategi basati baten printzipio erromantikoen arabera sortu da, gizakiak floragan duen kontrolaren askatze modura, landarediaren hazkuntza naturalaren alde. Lorategi hezigabea izango da, edozein euste-moduren aurrean errebelatuko dena.

 

ALBERTO LÓPEZ

Alberto López (Sevilla, 1979) diseinatzailea, komisarioa eta artista bisuala da eta bere lanean identitatea, politika eta ingurugiroa bezalako gaiak jorratzen ditu. 2015etik Surfari-ren zuzendaria da, Conil de la Fronterako Andaluziako surf dokumentalaren zine-jaialdiarena, alegia. Guerra, ocupación y emergencia. Surf en las barricadas erakusketa. Orain Andalucía Transversal proiektuan ari da lanean. Andaluzian sortuberri diren espazio publikoen erregistro eta komunikaziorako plataforma figital bat sortzeko ikerketa-laborategia da aipatu proiektua.

 

MANUEL PRADOS

Manuel Prados (Sevilla, 1981) artista eta kultur ekoizlea da. Bere obran arkeologia, historia, kultura bisuala eta musika bezalako gaiak jorratzen ditu ikerketa, ikus-entzunezko lan, esku-hartze eta eszenaratzeen bidez. 2005etik 2012ra BNV Produccionesen kide izan zen, eta bertan kultura garaikidearekin lotuatko proiektuak koordinatu zituen, esaterako, Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatearen UNIA arteypensamiento. 2017an Iniciarte programaren baitan aukeratu zuten El espejo desenterrado proiektua aurkez zezan.