"Amargura. Ecologías del lúpulo" da Egonaldia Lurrean deialdian hautatutako proiektua | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-02-22 11:00

"Amargura. Ecologías del lúpulo" da Egonaldia Lurrean deialdian hautatutako proiektua

Amargura. Ecologías del lúpulo (Mingostasuna. Lupuluaren ekologiak) famakopeatan inspiratutako proposamena da, eta mingostasunaren inguruko tratatu bat sortzea du xede.

Joan zen otsailaren 14an, ostegunez, honako kide hauek osatzen zuten komitea batzartu zen: Usue Arrieta artista, María Ptqk ikerlari eta komisarioa, Tabakaleraren ordezkari gisa Ane Rodríguez Armendariz kultur zuzendaria eta Oier Etxeberria proiektu artistikoen arduraduna, eta Crisitina Enea Fundazioaren ordezkari gisa José María Hernández zuzendaria eta Eneko Calvo fundazioko erakusekta proiektuen teknikaria.

Batzar horretan, Tabakalerak eta Cristina Enea Fundazioak elkarlanean antolatutako Egonaldia Lurrean deialdira aurkeztutako eskaerak baloratu ziren, eta Leongo Susana Cámara Leret artistaren Amargura. Ecologías del lúpulo izeneko proiektua izan zen hautatutakoa.

Deialdi honek helburu du ekoizpen-prozesuak babestea eta kontzeptuan eta ekoizpenean laguntza eskaintzea, baita ondoko gaiei buruzko sentsibilizazioa eta hausnarketa sustatzea ere: ekologia-arazo garaikideak, sentsibilitatea eta hiriaren zein hiri-landa guneen eraikuntza.

Susana Cámara Leretek zortzi asteko iraupena izango duen egonaldia egingo du Tabakalerako Sortzaileen gunean, 2019ko maiatza eta ekaina bitartean, eta ondoren fase publiko bat edukiko du proiektuak Cristina Enea fundazioan, udazkenean.

 

Amargura. Ecologías del lúpulo

Amargura. Ecologías del lúpulo (Mingostasuna. Lupuluaren ekologiak) famakopeatan, hau da, eragile begetal zehatz batzuk, horiek propietateak, konposizioa eta prestatzeko moduak azaltzen dituzten bilduma-liburuetan inspiratutako proposamena da. Landareen printzipio aktiboak artxibatu eta kodetzeko - errealaren eta irudikapenezkoaren artekoa- formatu honetatik abiatuta, mingostasunaren inguruko tratatu bat sortzea proposatzen da, lupuluaren (Humulus lupulus) gaineko ikerketa bat garatuz, horretarako lupuluaren kontsumo- eta hazkuntza-politikei buruzko gogoetarako eta artxiborako baliagarri diren material eta objektuak bildu, ikusarazi eta sortuta. Horrela, hainbat lan-espazio eta prozesu (dokumentala, esperimentazio-materiala eta landa-guneetara irteerak) aholkatzen dira, lupuluaren irakurketa etnobotaniko batetik abiatuta, nekazaritzako elikagaien industriaren barruan honen hazkuntzari lotutako prozesu eta eszenarioetara hurbilketa egiteko.   

 

Susana Cámara Leret

Bere lanean lurraldearekin lotutako forma eta edukiak aurkitzen dira, eta interes berezia azaltzen du memoriaren plastikotasunarekiko. Sarri epe luzeko proiektuak burutzen ditu, izaera kolaboratiboa dutenak. Zenbait diziplina ezberdinetako gurutzaketan kokatzen dira proiektu horiek eta, beraz, negoziaketa eta interesen itzulpen bat dakarte eurekin, materialen, organismoen eta sistema bizidunen artikulazio baten bitartez, eskalen asimetria batean.