Arkitekturaren eta indarkeriaren arteko harremana eztabaidagai Hiria eta bestelako politikak zikloan | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2018-10-15 12:30

Arkitekturaren eta indarkeriaren arteko harremana eztabaidagai Hiria eta bestelako politikak zikloan

Urriaren 19an eta 20an egingo da Ula Iruretagoienak, Ibon Salaberriak eta Blanca Pujals-ek zuzendutako programaren zazpigarren edizioa. Nazioarteko aditu ugari egongo dira bertan, besteak beste: Lolita Chávez giza eskubideen aldeko ekintzaile guatemalarra, Hedoi Etxarte idazlea, Iratxe Jaio eta Klass van Gorkum artistak, Armina Pilav Sarajevoko arkitektoa eta Jerusalemgo Ariel Caine artista, egun Londresen bizi dena.

 

Bueltan da Tabakalerara Hiria eta bestelako politikak: geografia eta botere-formak zikloa. Zazpigarren edizio hau urriaren 19an eta 20an izango da, eta aurreko edizioetan bezalaxe, lurraldeko egituretan eta gorputzean bizitako esperientzietan ezartzen diren botere- eta indarkeria-harremanak ikertzen dituzten aditu garrantzitsuak izango dira bertan. Aurten, arkitekturak indarkeria sortzen duelako hipotesia izango dute abiapuntu. Hitzaldiak Tabakaleran zuzenean ikusteaz gain, streaming bidez ere ikusteko aukera egongo da.

Urriaren 19an izango da lehen jardunaldia, eta 18:00etatik aurrera gonbidatu aparta izango da bertan: Lolita Chávez Ixcaquic ekintzaile guatemalarra. Chávez nazioarteko erreferenteetako bat da baliabide naturalak babesteko eta lurralde batzuetan gertatzen diren derrigorrezko lekualdatzeak salatzeko borrokan; izan ere, baliabide naturalen extraktibismoa sustatzen dute atzerriko nahiz gobernuaren enpresek lurralde horietan. Horrexegatik dago Chávez mehatxatuta, jazarrita, kriminalizatua eta epaiketetan sartuta, eta baita Giza Eskubideen Interamerikako Batzordearen babeserako kautelazko neurrien babespean ere. Gainera, kontzientzia-askatasuna saritzen duen Europar Parlamentuaren Sájarov sarirako saridungai izendatu zuten 2017ko edizioan.

Guatemalako ekintzailearen hitzaldiak irekiko du lurralde- eta ingurumen-indarkeriari buruzko solasaldia, eta indarkeria horrek lurralde horietako indigenen gorputz eta taldeetan duen eraginari buruz ere hitz egingo da bertan.

Bi saio izango ditu urriaren 20ko topaketak. Goizean (10:00-14:00), Hedoi Etxarte idazlea eta Iratxe Jaio eta Klass van Gorkum artistak egongo dira. Haien aurkezpenak entzun eta gero, Xabier Galtzarain idazleak gidatuko du jarraian egingo den solasaldia. Etxarte memoria historikoan eta espazio publikoan zentratuko da, eta Iratxe Jaiok eta Klass van Grokumek, berriz, memorial ofizial eta ez ofizialei buruz hitz egingo dute, eta baita memorial horien bidez pasaiez jabetzeko moduei buruz ere. Horretarako, Arabako Urbina herrian dagoen estela bat izango da abiapuntu.

Arratsaldean, Armina Pilav Sarajevoko arkitektoa eta Londresen bizi den Jerusalemgo Ariel Caine artista izango dira protagonistak.16:00etan hasita eta 20:00ak arte beren ikerketen ondorioak aurkeztuko dituzte. Jarraian, goizean bezalaxe, solasaldi gidatu bat egongo da, eta Blanca Pujals katalana izango da moderatzailea. Armina Pilavek gerran bizi diren eta gerrarik gabeko espazioek dituzten eraginei buruzko analisi bat eskainiko du Sarajevoren eta Mostarren arteko gerra adibidetzat hartuta (1992-1996). Cainek, ostera, hurrenez hurren Jerusalemen, Négev basamortuan (Israel) eta Sinjar-eko eskualdean (Irakeko iparraldea) gauzatutako hiru proiektu azalduko ditu. Horrez gain, brikolajeak eta espazioaren inguruko ikasketak egiteko metodologiek hiritarren esku duten potentzial politikoa ere aztertuko du.

Hiria eta bestelako politikak

Hiria eta bestelako politikak zikloa 2013an hasi zen Tabakalerako Programa Publikoen baitan. Momentu hartan oraindik bukatu gabe zeuden Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa eraikitzeko lanak. Ordutik zazpi edizio egin dira Ula Iruretagoiena eta Ibon Salaberria arkitektoen koordinaziopean. Azken bi zikloetan, gainera, Blanca Pujals arkitekto katalanaren lankidetza ere izan dute.

 

Programa

Tokia:  Tabakalerako Z aretoa

 

Ostirala, urriak 19

18:00-20:00: Lolita Chávez. “Lurralde-gatazkak - jatorrizko herriak". Gaztelaniaz.

 

Larunbata, urriak 20

10:00-10:15: Aurkezpena.

10:15 -11:00: Hedoi Etxarte. Biolentzia, memoria, espazio publikoa. Euskaraz, gaztelaniarako eta ingeleserako interpretazioak.

11:00 -11:45: Iratxe Jaio+Klaas van Gorkum.  The Stick and the Stone. Euskaraz, gaztelaniarako eta ingeleserako interpretazioak.

11:45-12:00: Atsedenaldia

12:00-14:00:  Solasaldia:  Hedoi Etxarte, Iratxe Jaio + Klaas van Gorkum. Moderatzaiela:  Xabier Gantzarain. Euskaraz, gaztelaniarako eta ingeleserako interpretazioak.

 

16:00-16:15: Aurkezpena.

16:15-17:00: Armina Pilav.  Transforming Violence. Ingelesez, euskararako eta gaztelaniarako interpretazioka.

17:00-17:45: Ariel Caine. Granular Realism. Argazki-lekukotasun espazial kolaboratiboak aztertzeko metodoak. Ingelesez, euskararako eta gaztelaniarako interpretazioak

17:45-18:00: Atsedenaldia

18:00-19:15: Solasaldia: Armina Pilav, Ariel Caine. Moderatzailea:  Blanca Pujals. Ingelesez, euskararako eta gaztelaniarako interpretazioak.

19:15-20:00: Boterearen formak eta geografiak proiektuaren laburpena.