‘Big data’ aztergai 2017ko Liburutegiaren Egunean | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2017-10-18 11:15

‘Big data’ aztergai 2017ko Liburutegiaren Egunean

Urriaren 24an, Nazioarteko Liburutegiaren Eguna dela-eta, Tabakalerak, Donostia Kulturak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak egun osoko jardunaldia antolatu dute Ubiken.

Jardunaldiak bi zati izango ditu: goizean hitzaldiak eta mahai-ingurua eskainiko dituzte Estatuko eta nazioarteko hainbat adituk, eta arratsaldez lantegi bat antolatu da software librearen bidez datu masiboak bistaratzeari buruz

 

Tabakalerak, Donostia Kulturak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak lankidetzan egun osoko jardunaldia antolatu dute Tabakalerako Z aretoan eta Ubiken urriaren 24an, Nazioarteko Liburutegiaren Egunaren ospakizunarekin bat eginez. 

‘Big data. Kultura eta liburutegiak’ goiburupean, jardunaldiak bi zati izango ditu: batetik, goizeko saio bat, hitzaldiekin eta mahai-inguru batekin; eta, bestetik, arratsaldeko lantegi bat, Datuen bistaratzea eta ikerketa erreproduzigarriak software askea erabiliz izenburupean. 

Azken aldian gero eta ohikoa da ‘big data’ kontzeptuari buruz hitz egitea. Literalki, ingelesez, ‘datu handiak’ edo ‘datu masiboak’ esan nahi du, eta horrela definitzen du Wikipediak: “prozesatzeko oso multzo handia osatzen duten datuak dira, konplexutasun handikoak; ohiko informatika-sistementzat zaila izaten da horrelako datuak prozesatzea”. Datu horiek jaso, kontsultatu, kudeatu eta aztertu ahal izatea erronka potoloa da XXI. mendeko liburutegientzat. Ondo eginez gero, ordea, askotariko arazoak detektatu eta konpontzea, baita lan egiteko moduak optimizatzea ere, lor daiteke. 

Horren guztiaren harira, honako galderak planteatuko dira profesionalei zein publiko zabalari zuzendutako jardunaldi honetan: Zein eragin du big datak kulturarako sarbidean? Zein ekarpen egiten dio kultur sorkuntzari?  Zein da liburutegien eta liburuzainen papera big dataren testuinguruan?

Ezagutza maila handitzeko eta solasaldia bultzatzeko helburuarekin, lehen mailako adituak izango ditugu gai hauen inguruan hausnartzeko lehendabizi eta datuekin jolasteko ondoren, lantegi praktiko baten bidez.

 

JARDUNALDIAREN PROGRAMA

Goizeko saioa (Tabakalerako Z aretoa)

9:15-9:30
Jardunaldiaren aurkezpena
 
9:30-10:15
Big datak eta gauzen Internetak kulturara dugun sarbideari nola eragiten dion 
Mario Tascón
 
10:15-11:00
Egitura gabeko datuak kulturaren bidez hirien marka-irudiaren aldaketa neurtzeko. Medellineko adibidea (Colombia)
Álvaro Fierro
 
11:00-11:45
Zein ekarpen egiten dio big datak kultur sorkuntza industriari? 
Maria Teresa Linaza doktorea
 
11:45-12:15
Atsedena-kafea
 
12:15-13:00
Liburutegien eta liburuzainen eginkizuna big dataren testuinguruan: etorkizunean datorkiguna
Ana Belén Ríos Hilario
 
13:00-14:30
Mahai-ingurua (parte-hartzaile guztiekin)
Moderatzailea: Javier Celaya

 

Arratsaldeko saioa (Ubik)

16:30-19:30
Lantegia: Datuen bistaratzea eta ikerketa erreproduzigarriak software askea erabiliz 
Talaios Kooperatiba
Lantegi honen helburua izango da erakustea zein modutara atera diezaieken etekina erakunde batek bere artxibategietan gordeta dituen datu guztiei; nola erakutsi modu erakargarri, ulergarri eta erabilgarri batean.

 

Bai goizeko saioak, bai arratsaldeko lantegiak izen-emate propioa dute, tabakalera.eu webgunearen bidez. Webgunean bertan goizeko saioa streaming bidez jarraitzeko aukera eskainiko da. Bestalde, goizeko saioan euskarazko eta gaztelaniazko aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko zaie jardunaldia bertaratutakoei.

 

 

JARDUERA OSAGARRIAK

Liburutegiaren egunaren bueltan jarduera-sorta zabala antolatu da. Urriaren 21etik 28ra, astebetez, dozena bat ekintza baino gehiago eskainiko dira haur zein helduentzat, tartean, kontzertuak, ipuin-kontaketak, topaketak, lantegiak, etab. 

 

Jaitsi Liburutegiaren egunaren programa osoa hemen