Blog Tabakalera

2017ko erakusketak

2017-01-26 13:42

2017ko erakusketak

Lau erakusketa antolatuko ditugu aurten, eta horietariko lehenengoak otsailaren 17an zabalduko ditu ateak. Bi urtez, programa publikoen bitartez estimulatzaile modernoei (kafea, kakaoa, azukrea, tabakoa) buruz hitz egiten aritu ostean, Estimulatzaileak: zirkulazioa eta euforia izeneko erakusketa kolektiboa aurkezten dugu. Bertan elkartuko ditugu egungo artisten obra berriak (Ibon Aranberri, Lorea Alfaro, Erick Beltrán, Ines Doujak eta John Barker, eta Fernando Palma) eta artista historikoen lana (esate baterako, Jorge Oteiza, Henri Michaux eta Maruja Mallo).

estimulantes_exposicion.png

2017 urteko lehen erakusketaren irudia

 

Erakusketaren egitura zazpi kapituluk eta hainbat ibilbidek osatuko dute, proiektuan lantzen diren hiru zirkulazioei erreferentzia eginez: zirkulazio organikoa, ekonomikoa eta kosmikoa. Era berean, programaren jarduera publikoetan sortutako ezagutza eta dokumentazioaren gordailua ere izango da erakusketa, eta substantzia horiek gure gizartearen osaeran duten eraginari buruzko irakurketa bat egiten lagundu diguten hainbat pertsonen ekarpenak jasoko ditu.

Bestetik, jarduera-multzo bat ere antolatuko da erakusketaren inguruan. Horrela, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-musikako talde batek J. S. Bachen Kafearen kantata joko du inaugurazioaren egunean, eta Muxua da mezua performancea egingo da. Azken horretan, Iñaki Albénizek eta Mugaritz jatetxeko sormen-taldeko kideek litxarreria bitxi batzuk eskainiko dituzte.

Udan, Eric Baudelaireren lanaz gozatzeko aukera izango dugu. Frantziako artista eta zinemagileen artean nazioartean ospe handiena duenetako bat da Baudelaire. Gure artean izan genuen 2015eko urrian, Letters to Max (2014) filma proiektatu genuenean. Handik gutxira, bere azken filma ekoizten hasi zen, AKA Jihadi (2017), eta horrela hasi ginen berarekin elkarlanean.

Ekainaren 23an The Music of Ramón Raquello and his Orchrestra aurkeztuko dugu, Rotterdameko Witte de With erakundearekin batera. Artista frantsesari buruz egindako erakusketa monografikorik handiena izango da. Bere obraren ezaugarri dira, batetik, kutsu politiko nabarmena, eta bestetik, egungo mundu konplexua historiaren eta indarkeriaren bidez ulertzeko ahalegina. Argazkien, instalazioen eta ikus-entzunezko obren bidez Baudelaireren ibilbidearen zati bat izango dugu aztergai. Aipatzekoa da artista hori nazioarteko hainbat ekitalditan izango dela aurten, hala nola Whitneyko Bienalean edo Parisko Pompidou zentroan.

Erakusketak ikus-entzunezko izaera nabarmena izango du eta, hortaz, Tabakalerako nazioarteko bigarren zinema-mintegia antolatuko dugu, uztailean, bai eta egungo mundua aztertzeko programa publiko bat ere.

Udazkenarekin batera, beste bi erakusketa izango ditugu ikusgai erakustaretoan: Cale, cale, cale! Caale!!, Juan Canela komisarioak zuzendutakoa, eta Adrià Juliàren Hot Iron proiektua, Jordi Antasek Bartzelonako Miró Fundazioarekin batera antolatutakoa.

Juan Canela gure bigarren komisario egoiliarra izan da, eta magiari buruzko proiektu bat planteatuko digu, mitologia eta partekatutako ezagutzak ere aztertuz. Antropologiaren munduarekin lotutako artistak eta eragileak ezagutzeko aukera izan zuen Tabakaleran egin zituen bi egonaldietan, eta oraingoan erakusketa kolektibo bat dakarkigu, tokiko zein nazioarteko artistekin.

Hot Iron da Adrià Julià artista bere erakusketarako ekoizten ari den proiektuaren behin-behineko izena. Kataluniako pintura erromanikoak iparamerikarrei saltzea eta Bartzelonan futbol amerikarra ezartzea hartu ditu ardatz bezala, eta bi gai horien inguruan jorratuko ditu, filmak erabiliz, bere ibilbidean behin eta berriz agertu diren alderdi batzuk, hala nola, diaspora, zirkulazioa edo nostalgia, lehenago La Villa Basque edo bestelako proiektu batzuetan ere egin zuen bezala.

Aurten, beraz, askotariko erakusketak bisitatzeko aukera izango dugu, lan egiteko edo erakusketen antolakuntzari eta komisarioen lanari ekiteko modu desberdinak ikusiz. Horretarako, ikusgai izango ditugu banako zein taldeko erakusketak, lankidetzak eta koprodukzioak, Espainiako zein nazioarteko beste erakunde batzuekin garatutakoak. Nolanahi ere, babesteko formulak aztertzen jarraitzen dugu, gure programarekin bat egiten duten eta, aldi berean, askotariko publikoei zuzendutako eduki heterogeneoak berma ditzaketen proiektuei laguntza eman ahal izateko.

 

Ane Rodríguez Armendariz
Tabakalerako kultura zuzendaria

Zure iritzia adierazi