Blog Tabakalera

Alam al-mithal / Antzekotasunaren mundua

2017-12-14 15:23

Alam al-mithal / Antzekotasunaren mundua

Casablancako lantegietako parte-hartzaileetako batzuk Tabakaleraren ordezkariekin batera

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Coopera proiektuaren bitartez Tabakaleratik martxan jarri dugun ekimenaren lehen ideiak eta urratsak maiatz aldera hasi baziren ere, irailean hasi ginen benetan gure proiektuari forma ematen. Marokoar gazteek Tabakalerako espazio publikoari ematen dioten erabilera eta aldi berean bertan izaten dituzten gatazkak abiapuntutzat hartuta, ondorengo galderei nondik heldu hasi ginen lantzen:  Nola bizitzen dugu espazio publikoa? Nola gerturatu gaitezke bi kultura desberdinen prismatik bertan izan ditzakegun bizipen ezberdinetara? Non aurkitzen dira partekatzen ditugun inflexio-puntuak? Non gertukotasunak eta non desberdintasunak?

Honekin batera Salah Malouli, Casablancako kultur kudeatzaile eta proiektu artistikoen komisarioarekin  kontaktuan jarri eta lankidetza-proiektu hau bi herrialdeetara nola hedatu erabakiz joan ginen. Lankidetza bera zertan datzan eta nola egin beharko litzatekeen behin eta berriro birpentsatuz.

Eta, horrela, erabaki genuen joan eta etorriko bidaia bat proposatu behar genuela. Lehendabizi Casablancara joan eta hango komunitatearekin eta artistekin harremanetan jarri, lantegi batzuen bidez. Ondoren, hona itzuli eta bertakoekin beste lantegi-sorta bat eginez lankidetza-proiektua biribiltzea izango zen hurrengo urratsa.

 

Lantegiak Casablancan

Azaroko azken astean erronka bezala izan genuen Casablancako komunitatearekin batera, bertako gazte eta emakumeekin gai honen inguruko hausnarketa bat aurrera eramatea. Sidi Moumen auzoko komunitatea, kaleak, bertan gertatzen diren harreman sozialak, hartueman ekonomikoak, zaintza-praktika ezberdinak, etab. ezagutzeko aukera izan genuen. Poliki-poliki, bertako egunerokotasuna eta ezagutzen dugun horretatik abiatuta, eta bizipen-geruza ezberdinetara helduz, partekatzen ditugun ohitura, beldur, plazer eta arriskuak azaleratzen joan ziren.  

Kudeaketa luze baten ondoren, azkenik iritsi zen Casablancan lantegiak aurrera eramateko unea. 

Lehenengo lantegia Olatz Otalora artistak auzoko gazteei zuzendurikoa izan zen. Espazio publikoa eta bertan, sozialki, kulturalki edo ohituraz agertu daitezkeen gestualitate eta erlazioen inguruko tailerra.  Argazki- eta bideo-kamerak, mugikorrak eta soinu-grabatzaileak eskuan hartu eta jolasteko garaia. 13-17 urte bitarteko 20 bat gazte gerturatu ziren proposaturiko lantegi honetara, gure harridurarako gehienak neskak. Alaitasun eta ausardia handiz parte hartu zuten guztiek, ezagutzen ez genituen abeslari “modernoen” izenak elkarbanatu zituzten, modan dauden koreografia ugari dantzatu edo barren-barrenetik irteten zitzaizkien paperak antzeztu.   

Bigarren lantegia Isabel Herguerak proposatutako ‘Mehendi henna’ tailerra izan zen. Casablancako Sidi Moumen auzoko jostunen elkarteko 20 emakume gerturatu ziren lantegira, gazteak eta helduagoak, zapiarekin eta zapirik gabe, zenbait ume ere tartean. Gauak eta hiriak dakartzan beldurren inguruan aritu ginen hizketan,  gure beldurrik handienak gune pribatuenetik publiko izatera pasa ziren, indibidualak izatetik politikoak izatera. Lehenik eta behin ahotsaren bitartez elkarbanatuz eta ondoren hennaz egindako marrazkiak eginaz ilustratu. Trafiko basatia, kaleko foko itsugarriak, abusuak, lapurrak edo bortxatzaileak, aipatutako zenbait ideia. Mundu globalean emakumeak banatzen dituen beldurrak. 

 

Donostiara bueltan

Marokotik bueltan, hurrengo urratsa lantegiak Donostian egitea da, eta hain zuzen ere, aste honetan egingo ditugu, abenduaren 15 eta 16an.

Casablankako kultur kudeatzaile Salah Malouli, eta Mehdi Annassi eta Abid Ayoub artista komikilari-muralistak etxean ditugu helburu hori betetzeko. Aste honetarako gure erronka, hasiera baten aipatu ditudan gazte marokoarrei komikiaren bitartez ahotsa ematea izango da, Tabakaleraren Harrotu ileak proiektuaren baitan. Haiek kontatu nahi dizkiguten bizipenak ilustratuko dituzten binetak, hitz eta marrazkiz betetzea. Elkarbanatzea, kontatzea, bistaratzea.

Eta honetatik guztitik astindu batzuk eman eta mural gazeta, egunkari fanzine edo halako zenbaitetan forma hartuko duen, eta  hizkiz, irudiz eta QR Kodigoz beteriko irudi handi bat osatuko dugu. Tabakalerako hormetatik harantzago joan nahi duen mezua, Casablancako horma zuria ( halakorik badago) beteko dituen orrialde erraldoia. 

 

Maite Telleria
Programa publikoak

Zure iritzia adierazi