Blog Tabakalera

Egonaldi gurutzatuak: Quebec-Gipuzkoa edo bidaia handi guztiak lehen pausoarekin hasten dira

2018-02-27 13:42

Egonaldi gurutzatuak: Quebec-Gipuzkoa edo bidaia handi guztiak lehen pausoarekin hasten dira

Urte eta erdi igaro da jada Dantzazeko kideok Festival Transameriques jaialdiaren barruan Montreal bisitatu genuenetik. Han, elkarrizketa bat izan genuen Quebec-eko Gobernuarekin (Conseil des Arts et des Lettres du Quebec -CALQ-), lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko aukera mahaigaineratzeko.

Bertako eta nazioarteko koreografoei sorkuntza- eta ekoizpen-egonaldiak eskainiz Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentro gisa gure ibilbidea hasi ondoren, Quebec-era eginiko bisita horrek bide zoragarri eta ustekabeko bat ireki zigun: euskal koreografoei nazioartekotzen lagundu ahal izatea.

Gure lehen eskaintza hau izan zen: Quebec-eko koreografo bati gure ekoizpen-egonaldietako bat eskaintzea, haren laguntzarekin. Baina, noski, CALQek esperientzia zabala du nazioarteko egonaldietan, eta bi eskaera egin zizkiguten: lehenengoa, egonaldia alde bikoa izatea, hau da, euskal koreografo batek Quebec-en egonaldi bat egiteko aukera irekitzea; eta bigarrena, egonaldia gutxienez bi hilabetekoa izatea (Dantzaz-en hilabeteko egonaldiak eskaintzen ditugu).

Hortaz, itzuli ginenean gure proiektuarekin bat egingo zuten bertako bazkideak bilatzeari ekin genion.

Tabakalerarekin, berehala ulertu genuen elkar: egonaldi partekatua egin genezakeen: lehen ikerketa-hilabetea Tabakaleran, Dantzaz-en ekoizpen-hilabete bat egiteko.

Casi humano (Dantzaz). Foto: B. Razquin

Argazkia: B. Razquin

Bigarren pausoa: nola finantzatu bertako koreografo baten Quebec-erako bidaia?

Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzeko prest agertu zen, Dantzagunearen bitartez (dantzarako bere zerbitzua).

Hala, pauso baten eta bestearen ondoren, Quebec-etik etorritako koreografo bat dugu gure estudioan, gure dantzariekin lanean, eta Gipuzkoako koreografoentzat Quebec-eko egonaldirako deialdia ere martxan da! Gainera, erakunde hauen guztien arteko hitzarmena bi urtekoa da; hortaz, 2019an esperientzia errepikatu ahal izango dugu (eta agian aurrerago ere mantendu ahal izango dugu).

 

Zertan datza Dantzaz-en Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroan egonaldi bat egitea?

 

Horrelako hitzarmenei esker, munduko hainbat lekutatik iritsitako koreografoek dantzari profesional talde batekin lan egin dezakete ekoizpen koreografiko bat egiteko.

Hala, John Gerena, Quebec-etik etorritako kolonbiar koreografoak bere ikerketa-egonaldia egin du Tabakalerako instalazioetan, eta otsailaren 26an hasiko da gure dantzariekin lanean. Horretarako, Dantzagunearen dantza-estudioa erabiliko da (estudioetako bat). Han lan egiten dugu, gure zuzendari artistiko Adriana Pousekin batera, bera baita prozesuaren laguntzailea (50 koreografo baino gehiago igaro dira jada Dantzaz-etik urte hauetan guztietan!).

Eta hilabetean zehar, sorkuntza-koreografikoan ez ezik pieza inguratzen duen ekoizpenean ere lan egiteko aukera izango dugu: musikak eta soinu-giroak, jantziak, eszenografia eta atrezzoa, argiteriaren diseinua…

El extraño da sorkuntzaren behin-behineko izenburua, eta Johnen hitzetan: “(...) immigranteek, beren jatorria eta migratzeko arrazoiak edozein direla ere, sentitzen dituzten hamaika sentsazio eta emozio biltzea du helburu. Etorkinaren barne-begirada bat da: haren bakartasuna, nostalgia, antsietatea eta itxaropena, lekualdaketa eta birkokapena.”

Johnen egonaldia martxoaren 23an bukatuko da, Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo dugun aurrestreinaldiarekin batera. Aurreko egunetan, lanean arituko gara argiteriaren diseinua eta espazio eszenikoa eraikitzeko eta pieza hau sortzeko sorkuntza-geruza guztiak muntatzen.

Baina pauso bat gelditzen da oraindik!!!

Azaroan, El extraño elkartu egingo da Dantzaz Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroan 2018 honetan sortzen diren beste koreografia batzuekin batera. Martin Harriague, John Gerena, Barnaby Booth eta Fernando Hernando Magadan gure zentrotik igarota egongo dira, eta Zaragozako Antzoki Nagusian estreinatuko dugu horiek guztiak biltzen dituen programa.

Eta hori beste bidaia handi baten hasiera izango da: programa berri honen nazioarteko bira. Bon voyage! Bidaia ona izan!

 

Fernando Saenz de Ugarte
Dantzazeko zuzendaria

Zure iritzia adierazi