Blog Tabakalera

Espazio bat galdera eta erantzunen lekuen artean

2018-10-02 11:53

Espazio bat galdera eta erantzunen lekuen artean

Elías Querejeta Zine Eskola etxe honetan jaio zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta. Hauxe du jaiotoki: Tabakalera, Donostiako tabako-fabrika zaharra, 2015ean Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentro bilakatu zena. Toki horrek nortasuna eta zioa ematen dio eskolari. Gainera, bertan azaleratzen ditu bere berezitasun guztiak.

Euskadiko Filmategiak, Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerako Kultur Proiektuak hiru urte daramatzate teilatu honen pean lanean, beste hainbeste kultur eragilerekin batera. Aldi horretan, eraikin berean aritzeak zinemagintza bere konplexutasun osoan barne hartzen duten erakunde horien arteko elkarrizketa eta interkonexioa sustatu du. Egunez egun, elkarrekin irudiei eta soinuei buruzko diskurtso poliedriko eta batu bat eraikitzen dute: etengabe idazten ari den zinearen historia, amaierarik gabeko zinea, zinemaren museo biziduna.

Alabaina, erakunde horien arteko lankidetzak pantaila gainditzen du. Etxe honetan programatzaileak, artistak, kritikariak, komisarioak, artxibo-kudeatzaileak, kultur bitartekariak, filmak zaharberritzen dituztenak, zinemagileak eta beste asko aritzen dira lanean. Zinemaldiak nahiz Filmategiak hainbat hamarkadatan zehar metatutako jakinduria dute (Zinemaldiak 66 urtez; Filmategiak, berriz, 40 urtez), eta jakinduria hori euskal zinemagintzaren ondare profesionalaren parte da. Tabakalera zinemaren jasotze-hautemate-erresistentzia-ekoizpen modu garaikideen museo biziduna da: artxiboa da, baina baita galeria, areto iluna, zinemaldia, egoitza artistikoa eta abar ere. Orain, modu naturalean, eskola gisa, ikertzeko eta pentsatzeko zentro gisa, esperimentatzeko toki gisa eta zinemaren inguruko berrikuntza pedagogikorako abagune gisa ere funtzionatzen du.

Etxe honek zinea ulertzeko duen modutik jaio da, beraz, Elías Querejeta Zine Eskola, zinemaren hiru aldien eskola, alegia. Bertatik eratortzen da, baita ere, akademiaren egitura, hiru espezialitate hauetan banatuta: Filmak gordetzea eta Artxiboa, Komisariotza eta ikus-entzunezko programazioa, eta Zine sorkuntza. Horrez gain, hiru arlo horietan ikerkuntza modu zeharkakoan sustatzen duen laugarren sail bat ere badago.

EQZEren egoitza eraikinaren beheko solairuan dago. Kokapen horrek duen karga sinboliko guztiarekin, eskolaren jarduera eraikin osoan zehar hedatzen da. Maila gutxi batzuek baino ez dituzte banatzen amateurren eta profesional munduak. Metro gutxi daude metatutako jakintzaren eta hasierako harriduraren artean. Eta alderantziz. Lanbidearen ziurtasunera garamatzaten eskailera berdinek zinemagile gazteen zalantzetara ere eramaten gaituzte. Hala, eraikinak berak metodologia pedagogikoa ezartzen du. Dena naturaltasunez gertatzen da; nahikoa da eskailerak igo eta jaistea. Bauhausen sortzaile Walter Gropiusen hitzetan, eskola honetan ia ez dira bereizten ikasgela eta “tailerra”, esploratzeko tokia eta lantokia, galderen lekua eta erantzunena.

Argumentu horiei guztiei esker, eskola proiektu berritzailea eta nazioarteko mailan bakarra dela esan dezakegu. Eta horri lotuta, ulertzen da EQZE ez dela filmak egiteko eskola bat bakarrik, baizik eta ZINE eskola bat, horrek dakarren konplexutasun osoan.

Jorge Oteiza euskal artistak duela berrogeita hamar urte idatzi zuen gauza bat ekarri nahi nuke gaur gurera: “Hezkuntza ofizioen plan tekniko gisa ulertzen jarraitzen dugu, jakintza partikularraren esparru estuetan edo bizitza modu materialean irabazteko modu gisa. (...) Baina ez dago kalkulu edo babesik elkarbizitzarako eta gure garaian beharrezkoa dugun sentsibilitate espiritualaren oinarrizko hezkuntzarako”.

Bere identitatetik bertatik, EQZEk ez du koadro teknikoak prestatzen dituen beste eskola bat izan nahi, merkatuaren menpeko zentro pasiboki subsidiarioa balitz bezala. Hain zuzen, alderdi guztiak zinemarekin lotura duten garai honetan, ikus-entzunezkoen alorra zeharo aldatzen ari den honetan, zentroak behatoki iraunkorra izan nahi du pentsamendurako, proiekziorako eta errealitate zinematografiko berriak gauzatzeko ikus-entzunezkoen alor guztietan, profesional eta lanekotik estetiko eta sortzailera.

Amaitzeko, adierazi nahi nuke zein den zentroaren balio nagusia: gure ikasleak. EQZEko lehen belaunaldia osatzen duten zinemagile gazteak dira, eta mundu osotik datoz: Argentina, Andorra, Kolonbia, Ekuador, Espainia, Estatu Batuak, Mexiko, Erresuma Batua, Tailandia, Serbia, Venezuela eta Euskal Herria.

Hezkuntzak ezin du izan eskumen eta gaitasunen banaketa soila; kasu honetan bezala, espezializatua eta profesionala bada ere. Izaera pedagogikoa duen edozein proiektu zintzok erantzukizun handia hartu behar du bere gain gizarte autokritiko eta libreagoa eraikitzeko orduan.

George Steiner irakasleak hitz ederrekin deskribatzen du misio hori: “Beste gizakiengan gureetatik harago doazen ametsak piztea, besteengan maitasuna sortzea guk maite dugun horrekiko; geure barneko orainaldia haien etorkizun bilakatzea. Abentura hirukoitz honek ez du parekorik”. Hezkuntza estetiko-filmikoaren bidez, zentroak eraldaketa indibidual eta sozialaren itxaropen hori ere hartzen du oinarri. Etxetik, etxe honetatik, auzora; auzorik hirira; hiritik herrialdera. EQZE zinemagileen komunitate honen kideak datozen mundu osoko bazter guztietara.

Hori da EQZEtik gure ikasle guztiekin, zinemaren etxe honen parte direnekin, ezarri nahi dugun konpromisoa, baina baita proiektua sortu den eta bere duen lurralde eta gizartearekin dugun konpromisoa ere.

 

Carlos Muguiro (Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendaria)

 
 
Zure iritzia adierazi