Blog Tabakalera

Gelditu, lasaitu eta bizi

2018-07-12 16:20

Gelditu, lasaitu eta bizi

[Bideoa, postaren amaieran]

Eskola bideak oinez, txirrindaz ala patinetez egiteko ohitura sustatzeko, ikasturte honetan Arizmendi Ikastola Gelditu, Lasaitu eta Bizi! proiektuan murgildu da. Prozesuan zehar Tabakalerako hezitzaile Mertxe Petxarroman izan dute bidelagun, lantalde bileretan parte hartu eta proiektuari forma ematen laguntzeko.

Maite Beitia izan da proiektu hau deialdira aurkeztu eta honen ardura nagusia hartu duen laguna. Plastikako irakaslea izanda, praktika artistikoak ekimen honetan uztartu nahi izan ditu, hauek baliabide gisa erabiliz. Erronka nagusiena, bere hitzetan, ondorengoa izan da: “Ikasleak ingurune naturalarekiko harremanaz, ohitura osasuntsuez eta segurtasunaz kontzienteak izatea da helburua. Oinezkoen bide hauei bizitza eman eta desiragarriak bihurtu nahi ditugu”.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako bi gelatako ikasleekin lan egin dugu eta horretarako, esperimentazioan oinarritutako lehen saio batzuk egin dira. “Hasieran pixka bat galduta ginen, arraroa zela iruditzen zitzaigun, gainera ez zen notarik eskatzen, beste lan egiteko modu bat zen”, hausnartzen du parte hartu duen ikasleetako batek proiektuaren lehen faseari buruz. Saio horien ostean, land-artearekin lan egiten duen GaraiOn kolektiboarekin aritzea erabaki zen.

Rosa Lasagabaster, ikastolako ama eta lantaldeko partaidearen bitartez, proiektuan ezustekoa izan zen iniziatiba bat agertu zen. Ikastolako gurasoei inkesta bat pasa zien eta haiek proiektuan parte hartzeko zuten interes handia agerian gelditu zen. Horri erantzun bat emateko, Mario Paniego artista kontzeptualarekin lantegi bat egin genuen. Taldean egindako hausnarketak, fanzine batean islatu genituen.

Leire Aranburu ikerlaria, prozesuko bizipenak biltzen egon da ikasturte osoan zehar. Ikerketa horretan, esperimentatzeko aukerak izan ditu eta horiek baliatuz, deigarri gertatzen zitzaizkionak grabatzen zituen. Helburua, hurrengo urteari begira lagungarri izango den dokumentu bat diseinatzea izan da.

Gelditu, Lasaitu eta Bizi! proiektuaren hasiera besterik izan da hau, hurrengo urteetan jarraipena izango duena. Ekainaren 21ean ospatu den festa aurtengo sentsibilizazio lanaren adierazlea izan da eta hurrengo ikasturtean DBH 4. mailan egongo direnen lekukoa emateko aukera.

Animo lagunak! Txirrindak hartuta edo tippi-tappa, bagoaz eta bidea egiten!

Zure iritzia adierazi