Blog Tabakalera

Ikasketa-praktikak Hirikilabs-en: Teknologia Txokoak garatzerakoan ikasitakoaz

2018-08-30 14:55

Ikasketa-praktikak Hirikilabs-en: Teknologia Txokoak garatzerakoan ikasitakoaz

Industria elektronika eta automatikako ikaslea izanik, esperientzia berezi baten aurrean nengoen uda hasieran: praktikak egin behar nituen Hirikilabs-en. Egia esan, ez nekien zer espero praktika hauetatik eta, baina hilabete hauen buruan guztiz esperientzia berria eta aldi berean aberasgarria izan dela ziurta dezaket.

Familientzako DIY teknologia txokoak martxan izan ditugun aste hauetan zehar, Hirikilabs-era nola hurbiltzen den jendea ikusteko aukera izan dut. Horietako batzuk, laborategian zer gertatzen den ikusteko sartu eta handik gutxira atera dira, baina egon dira baita ere txokoetan interesatu direnak. Nire ikuspuntutik, orokorrean txokoetara gerturatu direnak gustura ibili dira, proposatutakoa ikasten eta harekin esperimentatzen, nahiz eta txokoen dinamika librea ondo ulertu ez duten pertsonak izan diren. Nire partetik, lehen aldia izan da jendaurrean lan egin dudala eta, unibertsitatean ikasi dudana hurbildutako jendeari nola azaldu diezaiekedan jakiteko eta pertsona ezberdinekin nola jokatu behar den ikasteko oso baliagarriak egin zaizkit praktika hauek.

 

Piano con plastilina conductiva

Udako teknologia txokoak ikasiz dibertitzeko guneak dira, eta aldi berean etxeko txikienak teknologia eta zientzia arlora gerturatzeko modu bat. Txoko hauen helburua ez da bertan zerbait eraiki eta etxera eramatea. Txokoak, teknologia ulertzeko eta elektronika, mekanika eta elektrizitatearen inguruan kontzeptu berriak ikasteko dira, jolastu eta primeran pasatzen dugun bitartean.

Planteamendu honekin, ondorengo moduan antolatu ditugu 4 txokoak, bakoitzean zerbait desberdina ikasteko helburuarekin. Ehungintza txokoa, etxetik ekarritako arropari bizitza berria emateko. Robot txokoa, robot bat nola eraiki ikasteko eta eraikitakoarekin esperimentatzeko. Elektronika txokoa konduktibitatearekin esperimentatzera bideratuta dago. Eta azkenik, elektromagnetismo txokoa, eremu magnetikoen eragina ikusi ahal izateko.

  • Robot txokoa: Txoko honetan robot margolari baten eraikuntza landu dugu, elektronika eta mekanika sinplea ezagutzeko asmoarekin. Txokoan bertan eraiki dugu, muntatzeko erraztasun eta sinpletasunagatik. Gainera, ondoren etxean egin eta esperimentatu nahi zuenak, txokoetan bertan izan du eskuragarri materialen zerrenda eta jarraitu beharreko urratsen zerrenda.

  • Elektronika txokoa: Txoko hau konduktibitatearen inguruan esperimentatzeko eta ikasteko sortu dugu, zeina bi zatitan banatuta dagoen. Alde batetik, plastilina eroale eta ez eroalearekin figurak sortu, eta elektrizitatearen bidez objektuak “piztea”. Bestetik, elektronikaren munduan sakontzeko, piano bat diseinatzea, grafito bidez edo plastilina eroalea erabiliz.

  • Ehungintza txokoa: Josteko, trikotatzeko, biniloa transferitzeko eta beste hainbat eraldaketa egiteko aukera ematen duen txokoa da hau. Helburua da irudimenari emanez nork bere diseinua egitea, eta ondoren etxetik ekarritako arropan (kamiseta, galtza, poltsa,…) egindako diseinua egia bihurtzea.

  • Elektromagnetismo txokoa: Txoko honetan elektromagnetismoaren indarra ezagutuko dugu. Horretarako, guk proposatutako pare bat esperimentu daude. Lehenengoa, tren elektriko bat da, eta bigarrena motor homopolarra.

Bestalde, esango nuke arrakasta gehien izan duen txokoa robot txokoa izan dela. Nik uste, jendeak ez zuelako horrelakorik espero. Gainera, haur txiki asko etorri dira, txokoetakoa egin ahal izateko txikiegiak, eta plastilinarekin jolasten egon dira, txoko honetara jende dezente bilduz.

Txokoak garatzeko erabilitako informazioa interneteko ondorengo orrietan aurkitu daiteke (gehiena ingelesez dago):

Murgildu zaitez orrialde hauetan, badaude-eta beste hainbat proiektu interesgarri!

Olaia Antero Sánchez
Praktiketako ikaslea eta Teknologia txokoen dinamizatzailea

Zure iritzia adierazi