Blog Tabakalera

Ikusgarria denari buruz

2017-01-24 12:51

Ikusgarria denari buruz

Haizea Barcenilla komisarioak hilabete egin zuen abenduan Tokion, Tabakalerak eta Arts Initiative Tokyok sustatutako trukaketarako egonaldi baten baitan. Han bizi eta ikusitakoaren berri eman digu jarraian duzuen testuan, Tokion ezagututako txoko, pertsona, eta ekimen ez ikusgarri bezain interesgarrien berri, hain zuzen.

 

Oso barneratua dago edozein lekutara bidaiatzerakoan, ikusgarri diren gauzen zerrenda osatu eta egun gutxitan, kiniela baten modura, guztiak ikustera joatea. Orain urte batzuk Pragan hamar egun pasa behar nituela esan nionean, ezagun batek izututa ihardetsi zidan Praga hiru egunetan ikusten dela eta ea zer egingo nuen bertan. Antzeko esperientzia izan dut Tokiora nindoala esan dudanean; zenbaitek azaldu didate, asmo onez, Japonian ikusgarria den hiria Kioto dela, bere tenplu eta lorategiekin. Tokio, gaixoa, bi aldiz izan da guztiz suntsitua azken mendean, eta ondorioz gauza ikusgarri askorik ez omen du. Tenpluren bat eta merkataritza zentro erraldoi hainbat. Eta kito.

 Gauza ikusgarriak. Tokio. Check.

Gauza ikusgarriak. Check.

 

Baina edozein hirik, eta Tokiok kasu honetan, baditu ustez ikusgarri ez diren mila gauza interesgarri. Jendeak hiria nola erabiltzen duen, honen menpe nola bizi den, bere erritmora egokitzea eta honi nola erantzuten dion beti delako interesgarri zein ikusgarri. Kultura oso baten pista ezin baliotsuagoak ematen dizkigulako. Hor hasten garelako benetan ulertzen nola eratzen den mundua ikusteko leku horrek duen era bakana.

 

Merkatua tenpluan Tokio

Merkatua tenpluan

 

Espazio publikoak eta harreman komunak nola eratzen ziren ikustera joan nintzen Tokiora, eta hilabetea eman dut asko maite dudan zerbait egiten: hiritik ibiltzen, kaleak, plazak eta parkeak miatzen, jendea horietan zehar nola mugitzen den ikusten. Jimbocho auzoko liburu-denda-liburutegiak deskubritzen, umeek okupatzen duten hiria disfrutatzen eta mega-hiriak sortzen dituen arazoei aurre egiteko jendearen antolamenduak identifikatzen.

 

 Jimbochoko liburudenda-liburutegiak

Jimbochoko liburudenda-liburutegiak

 

Laburbildu beharko banu zeintzuk diren arteak lantzeko irekiak dituen esparru sozialak, zalantzarik gabe esango nuke ama gazteen egoera eta honetara moldatzeko sortzen dituzten estrategiak, gailuak eta aliantzak dela horietako bat. Gazterik lana utzita, ez baita espero emakume bat ama izaterakoan lanera itzuliko denik, haien lagun-zirkuluak galdu eta etxean itxita aurkitzen dira. Ondorioz, parkeetan bilatzen dituzte komunitate berriak, laguntza-sareak eta taldearen sentsazioa.

 

Mio Sato Suzuki, Tsukiho eta Ahoa bere alabak eta gurasoentzako bizikleta ezin praktikoagoarekin

Mio Sato Suzuki, Tsukiho eta Ahoa bere alabak eta gurasoentzako bizikleta ezin praktikoagoarekin

 

Bestetik, adineko jendea dago, etxean itxita, bakarti. Hauek ere espazio berrien beharra sumatzen dute, harremanak ezartzeko lekuak, gizarte baten atal izatearen beroa sentitzeko parada.

Ez ditut nik bakarrik talde hauek aurkitu: Kosaten arte zentroak eta dis-locate programak, Shibaura House kulturgunea edo Shibanoie auzo-etxeak ideia hauen inguruan dihardute eta talde hauekin ari dira lanean. Guztiz interesgarriak diren programa ikusgarriak egiten, bat ere ikusgarriak ez diren Tokioko leku zoragarrietan, alegia.

 

Shibanoie

Shibanoie

 

 

Haizea Barcenilla
Komisarioa

Zure iritzia adierazi