Blog Tabakalera

Ilunpean emandako urratsak

2018-02-15 09:59

Ilunpean emandako urratsak

Léah Lazonick. Movimenti della luna D'Oro

 

Kulturak komunikatu ahal den guztia biltzen du bere baitan, bere forma eta sinboloak edozein direla ere. Bere ezaugarri nagusia da belaunaldiz belaunaldi sortu eta igortzen den ondare dela, transmisio filogenetikotik kanpo. Parte-hartzaile oro bere buruaren ekintzaren ondorio gisa konfiguratzen den ariketa batez ari gara. Ohiturak, hizkuntza, tradizioak, baina, baita gizartea bera eratzen duten praktika baten jarraipen gisa jasotzen ditugun teknologiak, teknikak eta ideia-multzoak ere.

Otsailaren 10ean egin zen Hizketaldi Handiaren bigarren edizio honek Ariketak: la segunda respiración izeneko epe luzerako proiektu bati abiada emateko balio izan du. Ariketa ikasketa objektu gisa hartzen duen proposamen bat izan da, egiten dituen horrentzako hobetze helburu bat duten prozedura multzo gisa ulertuta «ariketa». Ekimen honek datorren hilabeteetan Tabakaleran gauzatuko diren hitzaldi, mintegi, erakusketa, zine eta musika programa ezberdinei lekua egingo die. Ia 12 ordu iraun zuen Hizketaldi Handian, gonbidatu ezberdinen eskutik proposamen, eztabaida, galdera eta eskari ezberdinak entzuteko aukera izan genuen. Gorputzaren presentzia handia eskatzen zuten ekintzak ikustekoa ere bai.

Zenbait ikertzailek baieztatzen dutenaren arabera, historiaren idazkera jaio aurretik, gizakiak sua menderatu baino lehen, antzinako bidaiariak lurretik ilunpean ibiltzea ahalbidetu zuen zeruari begiratuz orientatzeko garatu zuen abileziak. Bitxia da pentsatzea izarren konstelazioen gisako gauza urrun batek nola lagundu dezakeen hain berehalako eta gertukoa den ariketa bat erregulatzen: lurraren gainean oinez ibiltzea. Baina, ondo pentsatuz gero, distantzia bat hartzea, inguratzen gaituena beste angelu batetik ikusteko saiakera hori, artea, literatura edo eta filosofia deritzegun operazio horien baitan dagoen zerbait ere izan daiteke. Urruneko figura hauek, begietako hariak soilik josten dituen ezerezak inguratuak agertzen zaizkigun izar hotzak, erabakigarriak izan ziren partekatzen diren irudiak eraikitzeko gizakiak duen gaitasunari buruz hausnartzeko.

Hizketaldi Handiak plazaratu zuen ariketak ondorio bezala konstelazio bat eman du. Nahiz eta urruneko izar hotzen ordez, kasu honetan, gertukoak eta koloretsuak diren ahotsak izan diren honen errudunak. Ahotsen polifonia edo konspirazioa (ez dezagun ahaztu bere zentzu etimologikoan elkarrekin arnastea esan nahi duela), non hitz eta ekintzek irekia eta ezustekoa den bide bati hasteko aztarnak iradokitzen dituzten.

Mila esker guztioi!

 

Oier Etxeberria
Tabakalerako proiektu artistikoen arduraduna

Zure iritzia adierazi