Blog Tabakalera

Izan dezagun kulturaz beteriko 2018 bat. Stay tuned!

2018-01-16 15:05

Izan dezagun kulturaz beteriko 2018 bat. Stay tuned!

2018. urtea 2017. urteko bultzadarekin hasi dugu. Urte honetan, Tabakalerak hiru dimentsiotan eboluzionatu du, eta, hiriburutzaren urtea igaro ondoren, bisitarien interesari eta kopuruari eusten diola erakutsi du, asteko 20.000 bisita izan baititu batez beste, zuoi guztioi esker.

Ekosisteman bazkide berriak sartu dira: Elías Querejeta Zine Eskola, One Shot hotela eta Tobacco Days liburu-denda. Plaza publikoa eraldatu egin da Jerónimo Hagerman (Malas Madres) eta Miren Doiz (7 formas y una cucharilla) artisten esku-hartzeekin estreinatuta, eta programa batzuk ere abian jarri ditugu, hala nola Harrotu Ileak, Tabakalerara etortzen diren gazteekin harremanak izateko modu berriak ezartzeko.

Kultur proiektuari dagokionez, 2017. urtean publikoak eta programen ildoak finkatu dira, bai eta sareetan dugun kokapena ere. Ubik nahiz bitartekaritza-proiektuak aipatu dituzte Latinoamerikako foro espezializatuetan (Txilen eta Kolonbian), liburutegi- eta pedagogia-sektorean eginiko hurbilketa metodologikoengatik artearen munduan; Artnet aldizkari digitalak Tabakalera aipatu du Europako egoitza-programa erakargarrienen artean; Zinemaldia eta Euskal Filmotekarekin eginiko ikus-entzunezko programatik sortutako aliantzei esker, Tabakaleran Foru Aldundiaren zine-eskola sortzeko oinarriak ezarri dira; Hirikilabsetik ikastetxeetan arlo teknologikoa abian jartzeari buruzko mota horretako lehen dekalogoa argitaratu dugu; erakusketen programaren bitartez, zentro entzutetsuekin lan egin dugu, hala nola Rotterdameko Witte de With eta Bartzelonako Fundación Miró zentroekin, eta Parisko Pompidou zentroarekin ere lankidetzan aritu gara.

Bultzada horrekin ekin diogu 2018. urteari, denentzako moduko programa batekin: familiak, gaztea, zinemazaleak, artezaleak eta/edo teknologiazaleak, pentsalari geldiezinak, interesatuak, helduak, auzoko jendea, turistak, probintzia edo estatua, publiko orokorra eta/edo espezializatua.

 

Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketa
Ud-Ha Rodrigo Cuevas
Atlas - Autoedizio lantegiak
SummerLab - Hirikilabs

Arte garaikidea gustuko dutenentzat urtea luxu betean hasiko dugu Itziar Okariz donostiarrarekin, Kunsthaus Baselland (Basilea) eta CA2M (Móstoles) zentroetan egon ondoren. Udan, gure ikus-entzuneko hitzorduari bere horretan eutsiz, Rosa Barba artista gonbidatu dugu. Barba ezaguna da proiektoreekin eginiko instalazioengatik eta filmikoa eta ikus-entzunezkoaren materialtasunarekin zuzenean lan egiteagatik. Udazkenean, 2017an Tabakalerako egoitza-programan garatu diren bi proposamen izango ditugu: batetik, L'Intrus, Natasha Marie Llorens frantziar komisarioaren proposamena, arrotzaren figura lantzen duen erakusketa kolektibo bat. Eta, bestetik, Tractora Koop. kolektiboak Darcy Lange artista zeelandaberritarraren figuraren inguruan eginiko proiektua. Artista horrek bere obra bideografikoaren bitartez landu zituen lana, fabrika, etnia eta flamenkoa, beste gai batzuen artean.

Betiko legez, erakusketekin batera, jardueren eta bitartekaritzen programa zabala izango dugu, erakusketen gakoak familiei, helduei eta, oro har, publikoari hurbiltzeko.

Ariketa gai gisa hartuko dugu datozen bi urteotako programazioaren zati handi batean, eta hori lantzeko mintegiak, hitzaldiak, kontzertuak, irakurketa-taldeak eta erakusketak egingo ditugu, esate baterako, Itziar Okariz berarena. Hizketaldi Handiaren bitartez, proiektu hori garatzeko gakoen berri emango dugu hainbat profesionalen laguntzarekin.

Urtea zinemaz beterik dator. Gure asteroko eskaintzari eutsiko diogu, beste erakunde batzuekin elkarlanean, eta Elías Querejeta Zine Eskolaren iritsiera ospatuko dugu. Gazte eta familientzako saio bereziak, ZOOM bezalako programak edo ikastetxeetarako programak (Zinema (h)abian edo Rec, esaterako) izango ditugu, zinemaren kultura sustatzen jarraitzeko. Beti bezala, gure asmoa da filmen hizkuntza eta Tabakaleratik igarotzen diren sortzaileak herritarrengana hurbiltzea, elkarrizketak pizteko.

Ikusle adituagoentzat, zinema-programazioaz gain, zinemagintzaren beraren gainean hausnartzeko aukera ematen jarraituko dugu Nazioarteko Zinema Mintegiaren bitartez. Aurten ere uztailean izango da Rosa Barbaren erakusketarekin batera. Horrez gain, proiektu berriak babestuko ditugu Ikusmira Berriak ekimenaren bitartez.

Bestalde, Ubiken Tabakaleran garatzen diren edukietan sakontzen jarraituko dugu; horretarako, funtsak eskuratuko ditugu, horietan zeharreko ibilbideak garatuko ditugu, dibertitzeko jolasak egingo ditugu eta esparru horietako hainbat hastapen-tailer antolatuko ditugu: teknologia, autoedizioa, ikus-entzunezkoak, bideo-jokoak... Ubikek toki garrantzitsua hartzen du esperimentazioaren alorrean, sortzaile amateurrei hamaika aukera eskaintzen dizkielako, topatzeko eta zabaltzeko gunea delako eta kultura garaikidearen alorreko eduki berezituak ezagutzeko, aztertzeko eta atzitzeko bide ematen duelako. Eskaintzen dugun zerbitzu bereizgarriari esker, liburutegiek testuinguruarekin erlazionatzeko duten moduak berriz pentsatzen ari gara.

Teknologiazaleentzat, Hirikilabsek bide berari eutsiko dio: teknologia-tresnak erabiltzen ikasteko aukera ematen du, baina, horrez gain, proiektuak komunitatean garatzea ahalbidetzen du. Familiak, helduak eta ikastetxeak, Unibertsitatearekin eta teknologia nahiz berrikuntzaren munduko beste eragile batzuekin elkarlanean. Aurten urrats kualitatiboa emango dugu proiektuaren barruan, eta ikerketa-talde bat martxan jarriko dugu emakumeak teknologiaren esparruan duen rolari buruz hausnartzeko.

Bitartekaritza-programaren bidez, arte garaikidera hurbiltzeko programa guztiez eta ikastetxe nahiz elkarteekin dugun harremanaz gain, proiektu propioak ere garatuko ditugu, esate baterako fabrikako langile ohien taldearen (Artxibozainak) proiektuaren fase berria, artxibo kolektibo bat eraikitzeko.

Udan, ohikoa den bezala, programa berezia izango dugu: Rosa Barbaren erakusketaz eta Nazioarteko Zinema Mintegiaz gain, UD-HA Terraza egingo dugu berriz ere, Tabakalerako teilatu-lauan antolatzen ditugun aire zabaleko performanceak, zinema eta musika, alegia. Hirikilabs bitartez teknologia-komunitateari topagune bat eskaintzen diogu, baita familientzako txokoak ere; horiek osatzeko, Ubik udako tailerrak antolatuko ditugu, adin guztietako pertsonek astez aste gai batetik bestera salto egin dezaten. Eta hirugarren solairuko tailerreko ateen atzean, aurten ere esperientzia bera errepikatuko dugu, eta artistei tailer bat utzi profesionalki gara daitezen.

Tailer horretatik berrogei egoiliar baino gehiago igaroko dira urtean zehar, gure programarekin edo euren lanekin lotutako proiektuak garatzeko. Grezia, Maroko, Mexiko, AEB, Madril, Sevilla, Euskadi eta beste hainbat lekutako artistak, komisarioak, ikertzaileak eta hezitzaileak espazio horretan elkarrekin biziko dira eta Tabakalerako programari euren ekarpena egingo diote.

Eta are proiektu gehiago ditugu zuekin guztiokin partekatzeko; hemen eta beste espazio batzuetan emango dizuegu horien berri. Stay tuned.

Izan dezagun kulturaz beteriko 2018 bat!

 

 

 

 

Ane Rodríguez Armendariz
Tabakalerako kultura zuzendaria

Zure iritzia adierazi