Blog Tabakalera

Lantegi irekiak. Ikusten ez dena bistaratzea

2016-12-09 13:06

Lantegi irekiak. Ikusten ez dena bistaratzea

Pasa den larunbatean Sortzaileen Guneak ateak ireki zituen, baina oraingo honetan bere osotasunean, eta publiko guztietan pentsatuz. Gure lehenengo aldia izan zen, eta denbora pixka bat behar duen arren, balorazioa positiboa da.

Sortzaileen Gunea fisikoki martxan jarri zenetik jada urtebete pasa da eta bertatik, deialdi eta proiektu desberdinak direla medio, 50 sortzaile inguru pasa dira 2016. urtean. Azkar esaten da, baina eguneroko elkarbizitza bat sortzeko nahikoa da, eta proiektu ugari aurrera eraman ahal izan dituzte sortzaileek hemen ditugun baliabide eta zerbitzuei esker. Horrek bultzatu gaitu lantegien ateak irekitzera, eta orain egoiliar gisa lanean ari direnen proiektuen aurkezpena egiteaz gain, iraganean gurekin lanean aritu diren egoiliarrak ere gonbidatu ditugu.

 

 

Espacio de creadores. Estudios abiertos

 

Orain gure artean daudenen artean, egoiliarrak eta espazioen erabiltzaileak ditugu. Lehenengoak deialdi baten bidez izan dira hautatuak eta bigarrenak, berriz, proiektu zehatz bat garatzeko leku bat lortzeko eskaera egin ostean iritsi dira gugana. Asko dira nazioartetik datozenak: Kristina Solomouka eta Paolo Codeluppi, adibidez. Bi hilabetez egongo dira Donostian, ikus-entzunezkoen esparruan dihardute buru-belarri lanean eta Tabakaleran bertan grabatu dituzte beraien azkenengo lanaren eskena batzuk. Maki Nishida komisario japoniarra, berriz, heldu berria da gurera. AIT (Arts Initiative Tokyo) japoniarrekin abiatu dugun trukaketa programari esker heldu da, eta Tabakaleraren ordezkari gisa Haizea Barcenilla komisarioa joan da Tokiora bere egonaldia burutzera. Beste trukaketa bat ere izan dugu, kasu honetan Euskadi eta Frantziaren artean, Synagogue de Delme - Centre d’Art Contemporain-ekin, hain zuzen. Anne-Charlotte Finel izan dugu gurekin bi hilabetez eta Karlos Martínez eta Xare Álvarez izan dira Frantzian. Larunbatean izan zuten elkar ezagutzeko aukera!

Gertuagokoak ere izan ditugu gurean, eta baditugu, Juan Canela komisarioa, kasu. Bartzelonan egiten du lan eta datorren urtean aurkeztuko duen erakusketa proiektuan lan egitera etorri da; larunbatean aurkeztu zigun. Beste bi bikoteren lana ere lehen eskutik ikusi ahal izan genuen, urte bukaera arte lanean jardungo diren Sandra Cuesta eta Maite Vélaz-en estudioa barrutik ezagutu genuen, eta pasa den urtean izan genituen Nadia Barkate eta Ignacio García ere gonbidatu genituen elkarrekin gauzatu duten liburua aurkezteko.

Harley Martínez ere bueltan ekarri genuen. Bartzelonan bizi da baina apiriletik ekainera bitartean Tabakaleran izan zen El Milagro lana garatzen. Bertako eragileekin elkarlanean ibili zen eta bere egonaldiaren emaitza izan den argitalpena aurkeztu zigun. Pablo La Parra bere egonaldiaren azkenengo urratsak egiten ari da, ikerketa baten inguruan aktibitate programa bat eratu du eta horren berri eman zigun bere aurkezpenean, Europa, Geroaldi burutua du izena proiektuak. Pablo orain Donostian bizi den arren, New York-eko unibertsitatean dabil irakasle gonbidatu bezala.

Bukatzeko, lan espazioa dutenek ere euren lana aurkeztu ziguten. Gune horiek bertako sortzaileengan pentsatuta sortu ditugu. Erabiltzaile dexente izan ditugu, eta baditugu, mordoxka bat orain ere. Lan espazio bat okupatzen dute eta denboraldi zehatz batean proiektu bat garatzeko erabili ohi dute. Ikus-entzunezkoekin lanean ari dira Ainize Sarasola eta Tamara García. Tabakalerak eskaintzen dituen ekipamendu eta edizio gelak erabiltzen dituzte euren egitasmoak gauzatzeko. Beste diziplinekin lanean ari direnak ere badira, Kimia Kamvari, iraniarra izatez baina orain dela urte batzuk Euskal Herrian bizi den margolaria. Naturan ematen diren eraldaketa prozesuekin lan egiten du. Elba Martínez, aldiz, pintura eta estanpazioarekin aritzen da nagusiki baina soinuarekin ere egin ditu saiakerak azken aldian.

Goiza azkar pasa zen aurkezpen eta estudioetara bisitak eginez, guztia aperitibo batekin lagunduta, hori bai. Larunbat goiz bat igarotzeko modu bat izan zen, sortzaileen proiektuak lehenengo eskutik ezagutzeko, sarritan pasatzen ez den zeozer. Lanak ikusten ditugu baina egileei ez diegu aurpegirik jartzen, ezta lan prozesuei ere. Bukatu gabe dagoen zerbait ere ezagutzera eman daitekeelako eta hau gerturatzen direnekin elkarbanatzea posible egin nahi dugu. Sortzaileak ditugun bitartean lantegiak irekitzen jarraituko dugu, gutxienez urtean behin, Tabakalerako tripetan pasatzen dena azalaratzen denaren bezain garrantzitsua bait da.

Goiza azkar pasa zen aurkezpenak entzun eta estudioak bisitatzen genituen artean, aperitifak lagunduta noski. Larunbat goiza igarotzeko modu ezberdina izan zen, sortzaileen proiektuak lehen eskutik ezagutu genituen eta hori ez da askotan gertatzen den gauza. Lanak ikusi ohi ditugu baina ez dugu egileen aurpegia ezagutzen eta ez dugu lan prozesuen inguruko arrastorik izaten. Bukatu gabeko zerbait erakutsi liteke eta gerturatzen direnekin partekatzea posible egin nahi dugu. Sortzaileak ditugun bitartean lantegiak irekitzen jarraituko dugu, gutxienez urtean behin, Tabakalerako tripetan pasatzen dena azalaratzen dena bezain garrantzitsua baita.

Zure iritzia adierazi