Blog Tabakalera

Nortasun handiko kubo txuria

2019-03-26 12:51

Nortasun handiko kubo txuria

Artearen historian adituak direnen artean, badaude artelanen irakurketa egiteko orduan, erakusketen historian fokua jartzea interesgarria dela uste dutenak. Arte garaikidearen diskurtsoa erakusketen bidez eguneratu beharra dagoela azpimarratzen dute, ez soilik aurkezpen-gune gisa, baizik eta ekoizpen artistikoari buruzko ideiak proiektatzeko eta bere harrera aldatzeko tresna bezala. Erakusketak aukera ematen du obrak ikuslearekin ez ezik, beste obra batzuekin ere harremanetan jartzeko, eta artea izan daitekeenaren inguruan askotariko ikuspegiz gozatzeko.

Zentzu honetan, interesgarria da historian zehar artelanak non eta nola aurkeztu diren aztertzea. XVI eta XVIII. mendeen arteko kuriotsitateen kabineetatik hasi, XIX. mendeko Pariseko saloi handietara, eta handik XX. mende bukaeran boladan jarri zen  white-cube-etarako ibilbidea marraztu daiteke, oso era sinplean hitz eginda. Azken arte-edukiontzi honek gaitzesle ugari izan ditu, uste dutenak espazio zuri, aseptiko eta antzutzaile hauetan arte proposamenak ez direla ongi irakurtzen, espazioak nolabait antzutu egiten baitu obren arteko harremana.

img_20190318_121413_642_0.jpg

Tabakaleran erakusketa areto berria zabalduko dugu apirilean, espazio handi eta irekia, lehengo tabako fabrikak zuen izaerari eusten diona. Espazioa zuria da, zuriak dira bertako horma eta sabaia, eta tatxagabeko zuri honek tarteka Tabakalerako jatorrizko eraikinak berezko duen hare-harriarekin kontraste polita egiten du. Atea pasa bezain laster sarrera-hall dotore batekin egiten dugu topo. Parez-pare, hiru leiho altu, eta kristalaren atzealdean Artzain Onaren dorreko punta antzematen da. Sarrera honetan gaudela, bai eskumaldera nola ezkerraldera hedatzen diren bi nabeak ikusten dira; ia 30 metroko luzera daukaten bi areto laukizuzen, simetriko eta argitsu aurkituko ditugu. Areto luze hauen bukaeran, eta arku batetik igaro ostean, beste areto txikiago bana aurkituko dugu, ate handi batzuekin, non Norteko tren geltokia ia erakusketa aretora sartzen dela dirudien.

Polita da trenen joan etorria bertatik ikustea. Jakinguraz eta areto hutsaren isiltasuna aprobetxatuz, espazioa punta batetik bestera zeharkatzen dut - oinkada handiak emanez- eta 125 pauso zenbatzen ditut. Ia 1000 metro karratu dituen espazio batean gaude, 18 leiho handiz hornitua, eta mendebaldetik sartzen den eguzkiak protagonismo berezia du areto honetako hormetan, itzalpeko formak marrazten ditu eta.

Martxo bukaeratik aurrera, horma hauek Esther Ferrer artistaren partitura eta marrazkiekin betetzen joango gara, lur distiratsua, berde eta urdin kolorezko zerrenda luze batekin estaliko dugu, eta Esther Ferrerren ibilbide artistikoan ikonikoak izan diren akzio eta performanceak berriz ere akzionatzeko gune bat sortuko dugu. Astiro-astiro Tabakalerako espazio berritu hau kolorez eta formaz betetzen joango gara, baita zenbakiz eta ariketa matematikoen emaitza diren zirriborroz ere, eta Esther Ferrerren proposamen artistikoa espazio historiko honekin harremanetan jartzen saiatuko gara, espazioa eta diskurtsoa erabat lotuz.

Beraz, datorren apirilaren 5ean hitzordu berri bat daukazue Tabakalerako erakusketa espazio berrian.

 

Jone Alaitz Uriarte

Tabakalerako erakusketen koordinatzailea

Zure iritzia adierazi