Boterearen formak eta geografiak eztabaidagai 'Hiria eta bestelako politikak' proiektuaren edizio berrian | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2017-10-02 13:45

Boterearen formak eta geografiak eztabaidagai 'Hiria eta bestelako politikak' proiektuaren edizio berrian

 

Urriaren 6 eta 7an, Blanca Pujals eta Léopold Lambert arkitektoek eskainitako hitzaldiak eta lantegiak hartuko ditu barne Hiria eta bestelako politikak-en 2017/2018ko edizioaren egitarauak.

2013an jarri zen abian Tabakaleraren Hiria eta bestelako politikak proiektua eta xede du gobernu ekintza eta estrategien eta publikoa den horren gaineko kontrolaren atzean dauden politikak etengabe zalantzan jartzea.

Proiektuaren 2017/2018ko edizioak ideia hau aztertuko du: arkitektura indarkeria sortzeko eta eragiteko tresna izan daitekeela eta, beraz, baita gatazka garaikideen kontaketei buruzko informazioa barne hartzen duen euskarri fisiko ere. 

Arkitektura gorputzek jasaten dituzten indarkeriei buruzko kontaketaren konplexutasuna erakusten duten gertakizun eta ekintzen erregistro ere badela defendatuko du Hiria eta bestelako politikak-en aurtengo edizioak. Boterearen geografiak argitzen dituen lekuko, eragile edo aparatu bezala arkitekturak oinarrizko rola jokatzen duen egiturak aditzera ematen ere saiatuko da programa. 

Horretarako guztirako, Hiria eta bestelako politikak 2017/2018-k hitzaldi eta lantegiz osatutako egitaraua izango du. Nazioartean entzutetsuak diren Blanca Pujals eta Léopold Lambert arkitektoak izango dira gonbidatuak.

 

EGITARAUA

Ostirala, urriak 6
Aurkezpena + hitzaldia
GORPUTZ KARTOGRAFIAK
Blanca Pujals
19:00 ES / EU
Z aretoa
Blanca Pujals komisarioak Gorputz kartografiak deituriko hitzaldia emango du Hiria eta bestelako politikaken edizio berria aurkeztu ondoren. Diseinu prozesuan txertatutako arketipo arkitektoniko antropometrikoen eta XVIII. mendeko kriminologo antropobiometrikoen arteko harremanari buruzko bere ikerketari buruz hitz egingo du Pujalsek hitzaldian.

Larunbata, urriak 7
Hitzaldia
ARMA BILAKATUTAKO ARKITEKTURA
Léopold Lambert
Z aretoa
Léopold Lambert arkitekto eta idazleak Weaponized Architecture: The Impossibility of Innocence lanean plazaratutako gogoetak partekatuko ditu hitzaldi honetan. Arkitektura arma politiko gisa nola instrumentalizatzen duen aztertzen du Lambertek lan horretan. 

Larunbata, urriak 7
Lantegia
GORPUTZEN ETA ESPAZIOEN POLITIKA
Léopold Lambert
15:30-19:30 ES / EN
Aurretiko izen-ematea
Z aretoa
Lambert, arkitektoa ikasketaz, espazioaren eta gorputzen politikari buruzkoa den eta blog eta podcast bat ere badituen The Funambulist aldizkariaren erredaktoreburua da. Lantegi honetan, hain zuzen, zuzentzen duen publikazioaren esparru tematikoaren inguruan arituko da.

 

ELKARRIZKETAK

Hizlariekin elkarrizketaren bat nahi izanez gero idatzi iban_lertxundi@tabakalera.eu-ra