Common Voice, euskarazko auzolan digitala Tabakaleran | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-04-01 12:00

Common Voice, euskarazko auzolan digitala Tabakaleran

Apirilaren 9an, Hirikilabsek euskarazko grabaketak sustatzeko maratoia hartuko du Common Voice egitasmoaren baitan, Iametza Interaktiboarekin elkarlanean.

Librezale elkarteak euskarazko ahotsez osatutako 10.000 ordu grabaketa lortu nahi ditu.

Euskararen hizketaren ezagutzarako motor libre bat osatzea du helburu Librezalek sustatuko Common Voice ekimenak. Egun erabiltzen ditugun gailuak euskara ulertzeko gai izatea bilatzen da, hala nola, sakeleko telefonoak, ordenagailuak, telebistak, eta abar. Gailu ezberdinak hizketaren bidez erabiltzea oso arrunta bihurtu da, baina oraindik orain, gailuei erdaraz hitz egitea ezinbestekoa izaten da. Eta hori aldatzeko xedearekin jarri da abian ekimen hau.

Apirilaren 9an, asteartean, Iametza Interaktiboak eta Hirikilabs Tabakalerako kultura digital eta teknologia laborategiak antolatuta, euskaldunak batu eta urrats handiagoa emateko maratoia egingo dute. Horretarako, dei egiten diote euskaldun orori bertan parte hartzera, arratsaldeko 18:00etan, Hirikilabsen (Tabakalera, 3. solairua). Bertan, euskarazko grabaketak nola egin azalduko dute, eta komunitatean egingo dira grabaketak.

Lortuko den motorra ahots-mota desberdinak ulertzeko gai izan dadin, pertsona mota askotarikoak behar dira, genero, adin eta zonalde desberdinetakoak. Nahiz eta ekimena sustatzeko hitzordua egin den, edozein ordutan eta edozein lekutik har daiteke parte, edozein gailurekin.

Parte hartzeko, nahikoa da sakeleko telefonoa erabiltzea. Honako hauek dira jarraitu beharreko pausoak:

1. https://voice.mozilla.org/eu ireki nabigatzaile batekin.

2."Hitz egin" aukera sakatu.

3.Irakurri ozen agertzen diren esaldiak, jarraibideak kontuan hartuz.

Dagoeneko egin diren grabaketak balioztatzen ere lagun daiteke. Horretarako, "Entzun" sakatu beharra dago eta argibideei jarraitu. Oso erraza da eta ordenagailu batetik zein sakelako telefonotik egin daiteke. Hori bai, leku isil batean grabatzea gomendatzen da, grabaketek kalitate ona izan dezaten.

Librezale elkarteak ezarritako erronka, datozen hilabeteetan, modu boluntarioan 10.000 orduko grabaketak biltzea da.

 

Teknologia eta hizkuntza gutxituak

Teknologia enpresa handiek, hizketaren ezagutzarako motorrak sortu dituzte: Google Assistant, Apple Siri, Microsoft Cortana edo Amazon Alexa, esaterako. Sistema horiek enpresa horien kontrolpean daudenez, etekin ekonomikoak lehenesten dituzte eta ondorioz, ahalik eta dialekto eta hizkuntza gutxien ezagutzeko prestatzen dira; lurralde batean zabaltzeko ezinbestekoak direnak besterik ez.

Beraz, laster telebista, sakelako telefono eta beste tramankulu batzuk hizketaren bidez erabiltzea gauzarik erosoena eta arruntena bihurtuko dela badirudi ere, euskaldunok gailuei erdaraz mintzatu behar izaten diegu: frantsesez, gaztelaniaz edo ingelesez.

Testu-interfazeak euskarara itzultzea lan handia ez bada ere, oso enpresa gutxik egiten dute. Ahots-interfazeek eskatzen duten lana askoz handiagoa da eta horregatik beharrezkoa da euskal hiztunen konpromisoa.

Mozilla Fundazioak egoera horri aurre egiteko software librean oinarritutako ekimen bat jarri du martxan, Common Voice izenekoa. Besteak beste, Firefox nabigatzaile librea garatzen duen fundazio indartsu horrek, hizketaren ezagutzarako motor libre bat garatuko du ikasketa automatikoa baliatuz (adimen artifizial mota bat).

Euskararekin batera, beste 20 hizkuntza ari dira ahots grabaketak biltzen (ingelesa, alemana, frantsesa, gaztelania, katalana, pertsiera...) eta 70 hizkuntza gehiago grabaketak egin ahal izateko prestaketetan dabiltza (txinera, georgiera, japoniera, suomiera, maldivera, telugua...).

 

Pribatutasuna

Hiztunen pribatutasunari lehentasuna emango dion motor librea osatzea lortuko da ekimenaren bitartez. Common Voice proiektuko motorra gure gailuan bertan exekutatuko da eta beraz, gure ahotsa ez du inora bidaltzen. Gure hitzak gailuan bertan prozesatuko dira. Ohi bezala, herritarren beharrak eta eskubideak helburu bezala eta ez aitzakia bezala dituzten software libreko proiektuek, teknologiak beste era batera sortzeko modua dagoela erakusten digute.

 

Lehen topaketa, Tabakaleran

Etxetik egin daitekeen arren, ikusgarritasuna lortzeko, eta azkarrago aurreratzeko xedearekin, hainbat maratoi antolatuko dira Euskal Herria osoan zehar.

Lehena, apirilaren 9an izango da eta Iametza-k eta Hirikilabsek antolatu dute. Donostiako Tabakaleran izango da, Hirikilabsen bertan, 18:00etatik 20:00etara.