Blog Tabakalera

Egoiliar berriak Tabakaleran

2018-08-28 13:52

Egoiliar berriak Tabakaleran

Ikasturte berriarekin batera, egoiliar berriak iritsiko dira Tabakalerara, Sortzaileen Gunean beren proiektuak garatzeko. 2017an eginiko deialdian aukeratutako proposamenek osatuko dute 2018. urtearen lehen zatian gune horretan lanean aritu den taldea: Izaro Ieregik, Gabriel Garcilazok, Marianna Christofidesek eta Matthew C. Wilsonek osatutakoa, alegia.

Lehen bi egoiliarrek proiektu artistikoa modalitatean egin dute egonaldia;  Mariannak, berriz,  ikus-entzunezko proiektu bat egiteko egonaldiaren irabazle gisa parte hartu du, eta Matthewk, ikerketa artistikoaren modalitatean. Azken honen ikerketaren emaitzak urtearen azken hiruhilekoan ikusi ahal izango ditugu, jendaurreko programa gisa.

Orain, beste bi proiektu gehituko zaizkio proiektu artistikoa modalitateko egonaldirako aukeratutako proiektuen zerrendari: Natalia Suárez (Gasteiz, 1994) eta Joaquín Gómez (Murtzia, 1994) bikotearen Coche de plástico en un palet, eta Cristina Mejíasen (Jerez de la Frontera, 1986) Counting stories, the host and the ghost. Nataliak eta Joaquínek aurkitutako eta baztertutako objektuaren potentzia sinbolikoarekin lan egiten dute: zaborra, elementuen arteko lotura formal eta kontzeptual berriak sortzeko aukera ematen duen kaos gisa. Bestetik, Cristinak lehendik hasia zuen proiektu batekin jarraituko du, zeinak lotura baitu Greziako Gavdos uhartean eginiko indusketa arkeologiko batekin. Esperientzia hori abiapuntu hartuta, performancearekiko zenbait gurutzaketa sortzen dira gorputza, memoria, espazioa eta narrazioa bezalako gaien inguruan.

Bestalde, Ángela Milano (Gasteiz, 1987) eta Julián Pacomio (Mérida, 1986) izan dira aukeratuak tokiko eragile baten eta kanpoko beste baten arteko sorkuntza ahalbidetzen duen lankidetza-proiektuaren deialdian. Zineman, argazkigintzan eta ikus-entzunezkoan oinarrituta memorizatzeko eta kontatzeko gaitasuna da Asleep Images proiektuaren abiapuntua.

Azkenik, Afrikan eta Ekialde Hurbilean finkatutako hainbat eragilek osatutako Madrassa kontserbatzaileen taldeak egingo du komisariotzari dagokion egonaldia. Something to Generate From proposamenak sorkuntzaren aukerei eta erakundeek hainbat gizarte-esparrutan duten zereginari buruzko hausnarketa egiten du.

Hori guztia ikusita, esan dezakegu Tabakalerako egonaldien programa erakargarria izango dela aurten ere, eta Sortzaileen Gunea abian jarri zenetik osatzen ari den sarea aberasten jarraituko duela.

Sortzaileen Guneko taldea

 

Zure iritzia adierazi