Fokuak (FK) - Fokua: Terratreme - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Fokua: Terratreme

10 urte

A fabrica de nada, Pedro Pinho

A fabrica de nada, Pedro Pinho

 

Terratreme ekoiztetxe portugaldarra 2008 urtean sortu zen Viscontiren pelikula batean oinarrituta: Lurra dardarka ari da. Bertan, arrantzale talde batek elkar hartu eta itsasontzi bat erosten du esplotatzen zituen jabearen agindupetik ihes egiteko. Era berean, orain dela hamar urte gazte talde bat elkartu zen Lisboan filmak egiteko eredu berri bat asmatzeko, ekoizpena jarrera politiko eta estetiko gisa gorpuztuz. Obra bakoitzaren beharren arbera erabakiko zen ekoizpen eredua, ez alderantziz. Iraultza martxan zegoen. Zuzendariek ekoizpen eta aurrekontu pan nagusian parte hartzen zuten, dardara geroz eta handiagoa zen. 

Terratremeren pelikulen bereizgarriak arriskua eta mugen gabezia dira. Emaitza garbia da. behin eta berriro agertzen dira mundu mailako zinemaldietan (Cannes, Berlin, Locarno, Nyon, Marseila, Rotterdam, Donostia, Buenos Aires, Rio de Janeiro, Brasilia, Chicago, New York, Toronto), eta euren lanak nazioarteko koprodukzioaren bidez hedatzen jarraitzen dute (Brasil, Frantzia, Suitza, Alemania, Japonia, Bulgaria, Cabo Verde, Argentina, Txile).

Lurra, eta zinea, mugitzen ari dira.

 

Lehen hiruhileko programa (Fokuak sei hilabete iraungo du):

19/01 Larunbata,
A Fábrica de Nada, Pedro Pinho, Portugal, 2017, 178’

27/01 Igandea, 19:00
As Cidades e as Trocas, Luísa Homem & Pedro Pinho, Portugal, 2014, 138’

16/02 Larunbata, 19:00
Provas, Exorcismos, Susana Nobre, Portugal, 2015, 25'
Tempo Comum, Susana Nobre, Portugal, 2018, 64'

01/03 Ostirala, 19:00
FILM LABURRAK (80’)
Um Campo de Aviação, Joana Pimenta, Portugal, 2016, 14'
Ascensão, Pedro Peralta, Portugal, 2016, 17'
Altas Cidades de Ossadas, João Salaviza, Portugal, 2017, 19'
António e Catarina, Cristina Hanes, Portugal, 2017, 40'

22/03 Ostirala, 19:00
Djon Africa, Filipa Reis & João Miller Guerra, Portugal, 2018, 96'

 

 

ELKARRIZKETA LABURRA

 

1. Nola sortu zen ekoiztetxearen proiektua? Zein da ekoiztetxearen sorburua? Azaldu duela hamar urte «lurrak dar-dar egiten du» izeneko ekoiztetxea sortzeko sentitu zenuten beharra.

Terratreme Filmes 2008. urtean sortu zen, bi ekoizpen-egiturak (Raiva eta Paté) bat egitean. Susana Nobrek, João Matosek, Luísa Homemek, Pedro Pinhok, Leonor Noivok eta Tiago Hespanhak osatzen dute. André Dias ere bazen Raivako kide, baina proiektua utzi zuen ibilbide akademiko batean aritzeko, programazioan eta kritikan. Jatorrian (eta oraindik ere) helburua film bakoitzarekin alderdi artistikoari eta ekoizpen-formei dagokienez sormen-maila handiko ekoizpen-espazioa sortzea zen, hau da, proiektu bakoitzean ekoizpen-diseinu onena aurkitzea, behin eta berriz eredu errepikatu behar izan gabe. Hasieran, dokumentalen ekoizpenean zentratu ginen, baina urteak igaro ahala gero eta fikzio-film gehiago ekoitzi ditugu eta, gaur egun, antzeko kopuruan daude bi generoak. Gaur egun laurogei film inguru ekoizten ari gara jada (film luze eta laburrak, fikzioa eta dokumentalak).

 

2. Zer zinema mota ekoitzi nahi du Terratremek? Zer bereizgarri ditu urte hauetan zehar egin duzuen lanak? Asko aldatu zarete edo hasierako ideiari eusten diozue oraindik?

Ekoitzitako filmetan jorratutako gaiei dagokienez, ezin dugu lerro editorial bakar bati buruz hitz egin. Film askotan gai berak landu ditugu, ikuspegi politikotik, hala nola lurraldea, nortasuna, historia. Baina saiatzen gara ikuspegi politiko horrek zinema egiteko moduarekin zerikusi handiagoa izan dezan aktibismo politikoarekin baino (azken hori zenbait filmetan agertzen den arren); sortzeko eta ekoizteko askatasun-esparru bat izan dadin, fase guztietan, garapenetik finantzaketa, ekoizpen eta banaketaraino. Errealizadore batzuen lehen lanetan ere lan egin dugu eta gero lanean jarraitu dugu haiekin.

 

3. Zein izan dira zuen ibilbidearen funtsezko uneak?

Hainbat filmek markatu dute Terratremeren etengabeko hazkundea. Ibilbide etengabea izan da, horregatik, zaila da filmak eta uneak nabarmentzea; film bakoitzaren ezaugarriek adierazi ziguten zer bideri jarraitu. Oroz gain, Estatuan eta nazioartean lortutako arrakastaz hitz egin aurretik, gure ustez garrantzitsua da lortu ditugun ekoizteko eta finantzatzeko moduak nabarmentzea. Nabarmentzekoa da, ezbairik gabe, Portugalgo Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutuarekin egin dugun etengabeko lana, horri esker funtsezko finantzaketa-iturri bat izaten baitugu. Beste bazkide batzuk ere baditugu, hala nola Portugalgo telebista publikoa eta Media, Ibermedia, Eurimages izeneko programak zein World Cinema Fund delakoa. Nazioarteko koprodukzio ugari ere egin ditugu herrialde askotan (Frantzia, Suitza, Alemania, Brasil, Argentina, Txile, Bulgaria, Errumania eta Japonia, besteak beste); horri esker askotariko bazkideekin lan egiteko aukera izan dugu, hala nola zinematografiako zenbait instituturekin, telebistekin, salmenta-agenteekin eta abarrekin, eta filmen banaketa are handiagoa ere erdietsi dugu.

Baina bai nabarmen ditzakegula film batzuk, Lacrau, Provas Exorcismos, Ama-San, A Fábrica de Nada, António & Catarina eta Milla, besteak beste, Terratremeren etengabeko hazkundearen erakusgarri direnak, baina gainerako film guztiak alde batera utzi gabe, funtsezkoak ere izan baitziren, hala nola Setembro, Revolução industrial, As cidades e as trocas, bakar batzuk aipatzearren.

 

4. Nola bizi izan duzue zuen lanean Portugalgo zinema garaikideak nazioarteko jaialdietan duen presentzia eta garrantzia? Zer da zuentzat nazioarteko jaialdien zirkuitu hau? Eta nola sentitzen zarete jaialdietan eta etxean, Portugalgo zinema-aretoetan, gertatzen dena ikusita?

Neurri batean, Terratremeren hazkundeak zerikusia du nazioarteko jaialdi eta azoketan duen parte-hartzearekin, Portugalgo zinemarekiko piztu den jakin-min orokor horren barruan. Hainbat zinema-jaialdik (Cannes, Berlin, Locarno, Rotterdam, Toronto, New York, Marseillako FID, Sevilla, Donostia eta Visions du Réel, besteak beste) ikusgaitasuna eman diete gure filmei, eta horri esker, proiektu berrietan lan egin ahal izateaz gain, gure filmak nazioarteko beste azoka eta ekitaldi batzuetan ikus daitezen bermatzeko aukera ere izaten dugu. Aitortzari begira, funtsezko esparruak dira, baina ez dira gauza filmen beraien kalitateari eta arte-inbertsioari eusteko.

Filmak zinema-aretoetan estreinatzeari dagokionez –ezinbestekoa jaialdien eta ekitaldien mendeko izan ez gaitezen–, gure filmak Portugalen estreinatzen ditugu, baina baita atzerrian ere, hala nola Frantzian, Espainian, Suitzan, Belgikan, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Brasilen, beste askoren artean. Merkatu bakoitzak bere neurria eta ikusle espezifikoak ditu, filmaren arabera. Portugalgo kasu zehatzari dagokionez, zinema-aretoen eta zinemara joateko kulturaren faltak zaildu egin du Portugalgo zinema saldutako sarreren arabera adieraztea eta islatzea. Nolanahi ere, askotariko eta berariazko estrategiak hartzen saiatu gara film bakoitzean, kritikaren aitortza filmen arrakastari eta zinema-aretoetako jarraitasunari lotzeko asmoz.

 

5. Nola ikusten duzue etorkizuna? Nola irudikatzen duzue zuen burua 20 urteko ibilbidea betetzen duzuenean? 

Lana antzekoa izango da, gure ustez. Egileak, filmak eta ikusleak errespetatzea izango da oinarria, eta ekoizteko era eta diseinu onenak bilatuko ditugu film bakoitzean. Halere, Terratremeren etengabeko bilakaerak bestelako helburuak, lurraldeak eta ekoizpen-erak ere ekarriko dizkigu, jakina. Beti ulertu behar dugu, ordea, film bakoitza, oroz gain, lan indibidual, bakar eta errepikaezintzat hartuz egin behar dugula lan, filma arrakastatsua izango bada.

 

  • Data: Larunbata, 2019ko urtarrilak 19 > Ostirala, 2019ko martxoak 22
  • Lekua: Zinea
  • Sarrera: Sarrerarekin
Fokua: Terratreme :

Jarduerak