Harrotu ileak | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Harrotu ileak

Identitatea, harremanak eta gazteak

Compártelo:
  • Urtea: 2016 > 2019

Nola sentitzen dira Tabakalerara joaten diren gazteak? Zer harreman dute eraikineko espazioekin? Nola erabiltzen eta bizitzen dituzte? Zer kultura-erreferente dituzte? Zein sortzen dituzte beraiek?

Galdera horiei guztiei erantzuteko asmoz, Tabakalerako Hezkuntza taldea Harrotu ileak proiektua lantzen ari da, ostiralero, 17:00etatik 20:00etara, Prisman. Programa horren bidez bi norabideko hausnarketa proposatzen dugu: batetik, gazteekin batera erabiltzen dugun ingurunea birpentsatzen dugu, geure gisa onartzeko asmoz; eta, bestetik, hausnarketa instituzionala sustatzen dugu, espazio publikoak erabiltzeko eta okupatzeko moduak definitzeko.

2017ko urtarrilean hasita, lanerako espazio bat eraiki dugu, eta bertan gazteak, hezitzaileak eta artistak elkartzen dira aldian-aldian. Oihane Espúñez eta Felipe Polaníaren laguntzarekin eman genion hasiera proiektuari, erakusketa-proiektu bat eta askotariko lantegiak eginez: argazkilaritza eta bideogintza, dantza eta rapa. Bestetik, Maite Arroitajauregi Mursego, Telmo Trenor, Javi Pez, Juantxo Arakama eta Ainhoa Olasorekin batera Drary_Driets_Harrotu ileak abesti kolektiboa sortu genuen 2017/18 ikasturtean. Esteka honetan dago prozesu osoari buruzko bideo dokumentala.

2018/2019 ikasturte honetan, antzerkia dugu ardatz (antzerki soziala edo zapalduen antzerkia) eta María Zapata Hidalgoren (antropologoa eta zapalduen antzerkian aditua) laguntza izango dugu. Praktika eszenikoei eta gorputz-praktikei esker, Harrotu Ileak osatzen dugunon bizipenak, gorputzak eta harremanak zeharkatzen dituzten gaiak landu ditzakegu: alteritatea, botere-harremanak, identitatearen eraikuntza, arrazismoa, komunikazioa eta hizkuntza, kalteberatasun-egoerak… Gai horiek guztiak lantzen ditugu, desberdinen arteko aintzatespen-, hausnarketa- eta topaketa-espazio bat sortzeko asmoz.

Aisialdian Tabakalera erabiltzen duten gazte horietako bat bazara eta taldearekin bat egin nahi baduzu, zatoz bosgarren solairura (Prisma): han egoten gara ostiralero, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Informazio gehiago nahi izanez gero, helbide honetara idatz dezakezu: hezkuntza@tabakalera.eu.

 

Harrotu ileak. Prozesuak partekatzen

2018-07-20 > 2018-09-02

"Harrotu ileak. Prozesuak partekatzen" erakusketan ikusgai egongo dira CAPP (Collaborative Arts Partnership Programme) sareko bazkide europarrek -hala nola, Tabakalerak- azken hiru urteetan egindako 15 proiektuak.

+ Info

Harrotu ileak! Erakusketa

2017-03-24 > 2017-05-12

Oihane Espúñez eta Felipe Polania artista egoiliarrek Tabakalera eraikinera sarri bertaratzen diren gazteekin elkarrizketa bat hasi dute euren kezkak ezagutzeko eta zentroaren kultur eskaintzan parte har dezaten sustatzeko. Lan-prozesu hori guztia orain erakusketa batean jaso da.

+ Info

Jarduerak

Activities