Cale, cale, cale! Caale!!! - Häxan - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Häxan

Benjamin Christensen-en film bat

Haxan, Benjamin Christensen

Häxan, Benjamin Christensen, Suedia-Danimarka, 1922, 105’ Danimarkako estreinaldirako (1922) Gillian Anderson konpositoreak sortutako eta Txekiako Zinema Orkestrak interpretatutako musikak lagunduta.

Zinema eskandinaviarraren historiako filmik garrantzitsuenetako baten aurrean gaude eta sorginkeria eta satanismoari buruzko zinema mutuaren gailurrean; gurtzeko moduko lana da. Benjamin Christensen zuzendari danimarkarrak bi urte baino gehiago igaro zituen Malleus Maleficarum (1486) gidaliburua aztertzen. Lan hori sorgin-ehizari buruz inoiz argitaratu den Inkisizioko trataturik garrantzitsuena da. La horretan jasotako argibide, ilustrazio eta kasu horietatik abiatuta, filmak superstizioa eta satanismoa aztertzea proposatzen du, buruko gaixotasunekin, fundamentalismoarekin eta histeriarekin duten lotura estua saihestu gabe.

Lau zatitan banatuta dago. Filmak, hasieran, kultura primitiboan eta Erdi Aroko kulturan sorginen eta deabruen agerraldiak errepasatzen ditu. Zuzendariak planteatu zuen une oro bere filma tratatu dokumentala izatea, eta metrajean disertazio akademikoak eta antzezpenak nahasten dira. Bigarren eta hirugarren zatietan, hain zuzen ere, sorginkeria-kasuak eta -binetak eta deabruaren agerraldiak agertzen dira. Satanas Christensenek berak interpretatzen du. Azken kapituluak buruko gaixotasunaren tesia sartzen du antzinaroko kasu asko azaltzeko modutzat eta modu arrazional eta psikologistan azaltzen ahalegintzen da somnanbulismoa edo kleptomania bezalako jokabideak. Hori bai, histerikotzat jotako emakumeak tratatzeko modu gisa suteen ordez dutxa hotzak baliatu zituzten konponbide modernoei buruzko kritikak saihestu gabe.

Horrenbestez, egokitzapen hutsetik askoz harago doa, eta mugarria ezarri zuen zinema mutuaren garaiko hizkera zinematografikoaren bilakaeran. Legendaren arabera, filma gauez grabatu zen osorik, istorioaren tonu iluna eta misteriotsuari eusteko, eta irudien postprodukzioak urtebete baino gehiago iraun zuen; hortaz, Eskandinaviako zinema mutuaren historiako izenbururik garestiena izan zen. Estreinatu zenean, Danimarkan eta Suedian arrakasta izan arren, polemika eta zentsura eragin zituen, batik bat Ameriketako Estatu Batuetan; izan ere, dokumentua sexu-perbertsioari, torturari, izuari eta biluzitasunari buruzko grafikoegia zela ulertu zen. Polemika moralistez haratago, ordea, izenburu hori historiako film handietako bat da ezbairik gabe, eta sorginkeriari eta satanismoari buruzko herritarren imajinarioan eta hautematean eragina izan zuen betirako.

 
 

Más actividades de Cadabra-abra:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.