Fokuak (FK) - Historie(s) du Cinéma (Jean-Luc Godard, 1999, 268') - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Historie(s) du Cinéma (Jean-Luc Godard, 1999, 268')

Histories du cinema

 

18:00 Aurkezpena: Santos Zunzunegui

19:00 Histoire(s) du cinéma, Jean-Luc Godard, Francia, 1999, 268'

 

SINOPSIA: HISTORIA(S) DEL CINE (HISTOIRE(S) DU CINÉMA, JEAN-LUC GODARD, 1988-1998)*

 

Zinemaren egiazko historiarako sarrera Bakarra, egiazkoa.

Hoc opus, hic labor est (Hau da obra, hemen dago lana)

 

 

1a HISTORIA GUZTIAK

Zinemaren historia S batez idazten da.

Izango diren historia guztiak, izan direnak.

Kontatu, esaterako, egin ez diren filmen historia guztiak, telebistan ikus daitezkeen besteenak baino lehenago.

Ez erakutsi gauzen aurpegi guztiak. Gorde ezazu zeuretzat indefinizio zati bat.

Gure nahiekin gogoratzen den munduari egiten diogun begiratua ordezkatzen du zinemak.

Begi bakoitzak bere kabuz negozia dezala.

Hollywooden boterea: Trade follow films. A film is a girl and a gun.

Zinemaren historia, historiaren gaurkotasuna, gaurkotasunen historia.

Irudiak eta soinuak, bidean ezagutu eta banandu izan direnak bezala.

Eta Puig eta Negusen heriotza, Boïeldieu kapitainarena, untxitxoaren heriotza entzungaitzak izan badira, bizitzak filmei lapurtu ziena itzuli ez dielako da. Eta triskantzaren ahanztura triskantzaren zati delako ere bai.

 

 

1b HISTORIA BAKAR BAT

Zinematik igaro eta bere marka gorde duena ezin da beste inon sartu. Bestalde, niretzat, ezer baino lehen nirea, nire historia, eta zer egin behar dut nik honekin guztiarekin, argitasun hau guztia, iluntasun hau guztia. Batzuetan norbaitek xuxurlatzen du nire gelan arratsaldez. Itzaltzen dut telebista eta murmurioak jarraitu egiten du. Haizea al da [Gone with the WindÉcrit sur du vent] edo nire arbasoak dira? Bakardadearen historia. Historiaren bakardadea.

Zinemak proiektatu egiten zuen eta han zegoen mundua ikusi dute gizakiek. Ia historiarik gabeko mundua, baina narratzen duen mundua, zalantzaren ordez ideia eta sentsazioa finkatzeko asmoz: bi ideia handiak sexua eta heriotza izan dira. Edertasunaren historiak, edertasunaren eta makillajearen batura. Zinema oinarrian ez dago komunikazioaren industrian, ezta ikuskizunaren industrian ere, kosmetikoen historian dago, maskaren industriarenean, eta hau, azken finean, gezurren industriaren sukurtsal txiki bat besterik ez da.

Zinema, kristautasuna bezala, ez da oinarritzen egia historikoan. Kontakizun bat ematen digu, historia bat eta orain esaten digu: sinetsi. Ez dizu eskatzen kontakizun honi, historia honi emateko historiari dagokion fedea, baizik eta gertatzen dena sinesteko eskatzen dizu (...), emaiozu beste toki bat zure bizitzan.

Hau guztia esateko zinema inoiz ez dela arte bat izan, are gutxiago teknika bat, baizik eta misterio bat.

 

 

2a ZINEMA BAKARRIK

Gertatu ez denaren azalpen zehatza egitea, hori da historialariaren lana.

Nouvelle vague da, beharbada, mendearen erdian eta agian zinemarenean aldi berean egon den belaunaldi bakarra.

Zinema, nik orain adierazi dezakedan nire ideia, da ni nintzen heinean historia bat nuela ohartzeko, kontatzeko, egiteko modu bakarra. Zinemarik izan ez balitz, nik ez nukeen jakingo historia bat nuenik.

Frantsesek baino ez dute egin historia [artearena, zinemarena]. Historia batean zeuden ala ez zalantza zuten eta zer motako historia zen jakin nahi izan dute. Beraiena handian. Handia beraienean. Adibidez, niretzako, historia handia zinemarena da. Besteak baino handiagoa da, proiektatu egiten delako.

Zinemari esker, Orfeok atzera begiratu dezake Euridize hil gabe.

 

 

2b Zorigaiztoko edertasuna

Historia hauek guztiak nigan daude orain. Nola kontatu? Erakutsi, beharbada?

Ezabatzen duen eskuak baino ezin du idatzi.

Gidoiaren asmakizuna mafiako kontulari txiki baten historia da: Mack Sennett, Friedrich Murnau eta Karl Freunden aurkikuntzen anabasan ordena jarri beharra zegoen.

Eta plano amerikarrean, enkoadraketa gerriaren parean, errebolberragatik zen hori, hau da, gizonaren sexuagatik, emakume guztiak bularren parean enkoadratzen baitziren.

Filmak merkantziak dira eta erre egin behar dira. Esana nion [Henri] Langloisi, “Adi! Barneko suarekin, materia eta memoria, artea sute bat bezala da: erretzen duenetik jaiotzen da”.

Lehen esaten nuen arte bat bera ere ez, teknika bat bera ere ez, baizik eta misterio bat eta hori ebazteko edari magiko soil bat gure linterna magikoa argitzeko, ala ez? Zinemaren historia, hasteko, medikuntzaren historiari lotuta dago: Eisensteinen gorputz torturatuek Caravaggiogandik edo El Grecogandik baino gertuago daude Vesalioren disekzioetatik.

Zinemaren miseria eta distira.

 

3a Absolutuaren txanpona

Zer da zinema? Ezer ere ez

Zer nahi du? Dena

Zer dezake? Zerbait

Nire pentsamenduetan galduta nengoen bakarrik, esaten den bezala. Liburu bat nuen eskuetan (George Batailleren Manet): Maneten emakume guztiek “badakit zer pentsatzen ari zaren” esaten dutela dirudi, zalantzarik gabe, margolari hau iritsi aurretik (Malrauxi esker nekien) barneko errealitatea kosmosa baino sotilago mantentzen baitzen. (...) Manetekin barneko mundua kosmosarekin elkartu da eta pintura modernoa hasi, hau da, zinematografikoa. Hau da, hitzera doazen formak. Zehatzago esateko, pentsatzen duen forma bat. Zinema pentsatzeko egina izan dela oso azkar ahaztuko da, baina hori beste historia bat da.

Poesia ezer baino lehen erresistentzia dela oso ongi zekien Ossip Mandelstamek, baina gaur egun errusiarrak ahaztea dago modan. (...) Hau guztia, 1940 eta 1945 artean erresistentziako filmik ez zela egon esateko, ez eskuinean ez ezkerrean, hemen eta han. Baina Amerikan zinemak izan zuen okupazioari aurre egin zion film bakarra, zinemaren nolabaiteko uniformizazioari aurre egin zion bakarra, film italiar bat izan zen (...) Roma ciudad abierta, uniformerik gabeko jendeak egindako film bat. Errusiarrek martirioaren filmak egin dituzte, amerikarrek film publizitarioak; ingelesek zineman beti egiten dutena, ezer ere ez; Alemaniak ez zuen zinematografiarik eta frantsesek Sylvie et le fantôme errodatu dute, poloniarrek bi espiazio-film (La pasajera y La última etapa) eta oroitzapenen film bat (Kanal) azkenean Spigelbergi harrera egiteko “hau inoiz gehiago ez” hura “beti hau” bihurtu denean.

Pentsatzen duen forma bat formatzen duen pentsamendua.

 

 

3b Olatu berri bat

Neska-mutilak benetako munduan filmatzeko eskubidea lortu nahi zen, eta hori egitean gazteak munduan haiek izateaz harritu zitezela.

Berdintasuna eta senidetasuna benetakoaren eta fikzioaren artean.

Zinemaren identitatea nouvelle vagueren identitatea: arratsalde batean Henri Langloisen etxera [Cinémathèque Française-ra] joan ginen, eta ideia sortu zen. (…) Zinema Canudo edo Delluc-en bidez ezagutzen genuen, baina inoiz ikusi gabe, eta zinema horrek ez zuen zerikusirik larunbateko zinemarekin, film horiek mundu guztiarentzako baitziren; Langloisek erakusten zuena, aldiz, guretzat zen, soilik guretzat, benetako zinema ikusi ezin dena baita, eta hori zen han zegoena. (…) Hori zen gure zinema eta Langloisek berretsi egin zigun: irudia erredentzioaren ordenakoa da. Baina kontuz, benetakoaren erredentzioa (…) eta Messine etorbideko gizonak orainean metamorfizatutako iragan hori eman zigun opari, Indotxinako guduan betean, Aljeriako gudu betean. Eta L’espoir [Sierra de Teruel] lehen aldiz proiektatu zuenean, ez zen Espainiako gerra izan ikaratu gintuena, metaforen senidetasuna baizik.

Behintzat zuk Becker, Rossellini, Melville, Franju, Jacques Demy, Truffaut… ezagutu zenituen. Bai, nire lagunak ziren.

 

 

4a Unibertsoaren kontrola

Batzuek pentsatu eta esan egiten dute; eta beste batzuek, ordea, egin. Baina gizakiaren benetako izaera eskuekin pentsatzea da.

Maitasuna espirituaren gaindia da eta hurkoaren maitasuna egintza bat; hau da, eskainitako esku bat.

Alfred Hitchcocken metodorako sarrera: Ahaztu da zergatik Joan Fontaine inklinatu zen labarraren ertzean, eta zer egin behar zuen Holandan Joel Mc Creak. Ahaztu da zergatik Montgomery Clift betiko dagoen isilik, eta zergatik Janet Leigh Bates Motelen geratu den (…), baina buruan izango ditugu beti eskuko zorro bat, autokar bat desertuan, edalontzi bat esne, errota baten hegalak, orratz bat. Gogoan ditugu botila ilara bat, musika-partitura bat, giltza-sorta bat; izan ere, horien guztien bidez, Alfred Hitchcockek arrakasta lortu zuen Alejandrok, Julio Zesar, Napoleonek porrot egin zuten horretan: unibertsoaren kontrola lortzean. (…) Eta Alfred Hitchcock izan bada arrakasta izan duen poeta madarikatu bakarra, XX. mendeko forma-sortzaile handiena izan delako da; eta, azken finean, formak dira gauzen hondoan zer dagoen esaten digutenak. Hau da, zer da artea formak estilo bihurtzen diren bitartekoa ez bada? Eta, zer da estiloa gizakia ez bada?

Zinema izan da beti begiratzen nuen guztian presente egon den arte bakarra, lokatza begietako argiarekin nahasteko ahalmena izan duen bakarra, sua errautsetan sartu eta oihal batean arrosa edo urdin margul bat distiran jartzeko gai izan dena, arrosa bat bezain fresko (…), hor dago zahartzen garenean eta gerturatzen ari den gauari so gaudenean; eta hor egongo da gu hil ostean.

 

 

4b Gure arteko seinaleak

Soilik, soilik, soilik.

Soilik zinema. Gure arteko seinaleak.

Tiranoen eskolan. Utopiaren odisea. Sufrimenduaren monopolioa. Gurutzerik gabeko gurutzada. Iraultzaren mina.

Zineman gustatzen zaidana azalpenik gabeko argian murgiltzen diren seinale zoragarrien saturazioa da.

Hau ez da esaten, hau idazten da, Flaubert, ez Pushkin, Flaubert, Dostoievsky. Hau konposatzen da, Gershwin, Mozart. Hau margotzen da, Cezanne, Vermeer. Hau erregistratzen da, Antonioni, Vigo.

Ramuzen eleberri batek kontatzen zuen behin batean saltzaile ibiltari bat iritsi zela herri batera. Denen lagun egin zen, mila eta bat istorio kontatzen zekielako. Orduan, egunak eta egunak iraun zuen ekaitz batek eztanda egin zuen, eta saltzaileak kontatu zuen munduaren bukaera iristen ari zela. Baina eguzkia berriro atera zen, eta herritarrek saltzaile koitadua bertatik bota zuten. Saltzaile ibiltari hori zinema zen.

Bai, baina, zer da historia oinarrian? Oinarri-oinarrian. Malraux: guztiok sentitzen genuen apustua lurralde politikoa baino lurralde ilunago batena zela. Braudel: zenbatu dadila beren miseria ukatzen dutenen kopurua. Beraiek izan nahi dutenen, nolanahi ere beren bizitza bizi nahi dutenen bihotz kopurua. Gure bizitza geurea balitz bezala. Gure esku balego bezala. Eta Cioranen esaldi madarikatu hau: dakigun ezerk ez gaitu pekamenetik libratzen. Garesti ordaintzen dugu, lehenago edo beranduago, pentsamenduaren edozein adore edo espirituaren edozein zuhurtzia falta. Eta Péguy gazteak: A, historia! Desagertutako gauzekiko fideltasun goibela. Zer da beti gertatzen dena, lagun? Eguzkia sartzen da. Oporrak amaitzen dira. Egun bat behar dut segundo baten historia osatzeko. Urtebete minutu baten historia osatzeko. Bizi oso bat ordu batenerako. Eta eternitatea egun batekoa biltzeko. Edozer gauza egin daiteke, norberak egin duenaren historia izan ezik.

Unerik xumeenak iragan gailena du.

Norbaitek, baten batek paradisua ametsetan zeharkatu eta lore bat jasoko balu bertan izanaren proba gisa, eta esnatzean lore hori aurkituko balu; zer esan orduan? Ni nintzen norbait hori.

 

____

 

* Hau ez da sinopsi bat terminoaren ohiko zentzuan. Bertan sartutako testu guztiak Jean-Luc Godarden Historia(s) del cine laneko irudi- nahiz soinu-bandatik hartu dira.

 

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.