Ikusmira Berriak 2019 | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Ikusmira Berriak 2019

Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen duten Ikusmira Berriak egonaldietarako eta ikus-entzunezko proiektuen garapenerako programak eredua aldatuko du bosgarren deialdi honetan. Helburua da errealizadoreek egonaldiari ahalik eta etekin handiena ateratzea. Horretarako, bi egonaldi egingo dira, otsailean eta irailean.

Egoiliarrek beren proiektuak lau astetan, otsaila eta martxoa bitartean, garatuko dituzte. Denbora horretan, ekoizle eta zinemagileen tailerretan parte hartuko dute eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte. Batzorde Savina Neirotti, Sergio Oksman eta Valeska Grisebach-ek osatuko dute 2019an.

Martxotik irailera, zinemagileek beren proiektuan lan egiten jarraituko dute, eta tarte horretan adituen online tutoretza jasoko dute. Irailean, berriz, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak osatzera. Itzulera horretan, proiektua garatuago ekarriko dute, zinemaren industriarekin partekatu ahal izateko. Azken fase horretan, merkatuaren inguruko ikaskuntza-tailer bat prestatuko zaie, eta pitching saio baterako prestatuko dira (proiektuaren aurkezpena), Zinemaldian egongo diren industriako profesionalekin bilerak adostu ditzaten.

Ikusmira Berriak programaren bosgarren edizioa formula berria baliatuz gauzatuko da, eta bertan parte hartzeko deialdia uztailaren 9an ireki eta abuztuaren 31n amaituko da. Urrian jakingo da zein proiektu aukeratu diren.

Bestalde, laugarren edizioko bost egoiliarrek (Manuel Abramovich, Nele Wohlatz, Elena López Riera, Arantza Santesteban eta Grigory Kolomytsev) abuztuaren 20an ekingo diote egonaldiari.

Ikusmira Berriak programako lehen edizioetan aukeratutako hiru proiektu amaitu dira eta Zinemaldian egon dira ikusgai: Pablo Álvarezen El extraño, Leo Caliceren eta Gerhard Tremlen Calipatria eta Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ziren 2016an eta 2017an.  Aurten, programako lehen film luze amaitua estreinatuko da:  Trote, Xacio Bañok zuzendua (lehen edizioko egoiliarra).

Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta lengoaia berrien alde egiten duten talentu berriak eta ikus-entzunezko ekoiztetxe eta industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utzitako ondarearen parte da.

  • Aurkezpen epea: 2018-07-09 00:00 - 2018-08-31 00:00
  • Egoera: Itxita

Residents

Raven Jackson

Zinemagile, poeta eta argazkilaria

Martina Juncadella

Poesia idazlea

Alberto Martin

Zinema errealizadorea eta muntatzailea

Aitziber Olaskoaga

Errealizadorea, gidoilarikidea eta ekoizlekidea

Michael Wahrmann

Zuzendaria eta ekoizlea