Komisario Berriak 2020, komisario berrientzako deialdia zabalik | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-06-19 09:45

Komisario Berriak 2020, komisario berrientzako deialdia zabalik

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalerak, Azkuna Zentroak eta Artiumek batera bultzatuko dute Komisario Berriak 2020, artearen munduko profesional berrien sorrera sustatzeko asmoz   

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Azkuna Zentroak eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak indarrak batu dituzte berriz ere Komisario Berriak 2020 antolatzeko. Proiektuaren aurkezpenean azaldu dutenez, ekimen honen helburua da komisarioaren praktika garatzea eta artearen munduko profesional berriak sortzea eta sendotzea. Gaur bertan ireki da deialdi honetara aurkezteko epea, eta hautagaiek hiru beka izango dituzte eskura, zentro laguntzaile bakoitzeko bana.

Komisario Berriak 2020ren aurkezpena gaur goizean egin dute Tabakaleran, eta bertan izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendaria, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria eta Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria.

Zupiria sailburuak azaldu duenez, ekimen honen bidez lau helburu lortu nahi dituzte: "Lehenik eta behin, komisarioen belaunaldi berri bat bultzatu nahi dugu. Era berean, ezagutzaren trukea sustatu nahi dugu Europako profesionalen artean. Komisario Berriak-ek, hirugarrenik, artista berriak sartu nahi ditu Europako arte zirkuluetan. Azkenik, lankidetza sareak sortu nahi ditugu tokiko erakundeen artean".

Proiektuan parte hartzen duen zentro bakoitzak lan-ildo bereizi bat proposatzen du, eta zentroak arduratuko dira beken deialdia modu koordinatuan kudeatzeaz. Deialdi hau komisariotzaren arloari lotutako ibilbidea duten pertsona fisikoei zuzenduta dago: historialariak, artistak, komisarioak eta ikerketaren arloko beste profesional batzuk. Era berean, hautagaiak zentroetako bat aukeratu beharko du bere proiektua aurkezteko; hautagai berak ezin izango du proiektu bat baino gehiago aurkeztu zentro ezberdinetara.

Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua du; hortaz, gehienez 10.000 euro bideratuko dira proiektu bakoitzera. Eskabideak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 10era arte egongo da zabalik. Erakunde bakoitzak izendatutako arduradunek baloratuko dituzte proiektuak, kontuan hartuta deialdiaren helburuekiko interesa eta egokitasuna (50 puntu), bideragarritasuna (aurrekontua, egutegia...) (30 puntu) eta, hirugarrenik, egileen ibilbidea (20 puntu).

 

Hiru proposamenak

Tabakalerak Komisario Berriak 2020rako egindako proposamena formatu digitalean oinarritzen da. “Eremu digitalerako online erakusketak, mikroguneak, esku-hartzeak, argitalpenak edo arte-sorkuntza digital berriak garatuko dituzten proiektu kuratorialak bilatzen ditu”, azaldu du Clara Monterok.

Azkuna Zentroak kultura-kuradoretzaren aldeko apustua egin du, eremu zabal bat hartuz: Proposatu duten komisariotzak ikuskera artistiko jakin bat du, “zeinaren arabera erakusketak edo beste edozein gailuk edo metodologiak funtzionatuko baitu diziplina batetik bestera igarotzeko kapitulu gisa, betiere aurretiazko ikerketen eta ezagutzen eraginpean”. Hortaz, erakusketaren espazioa eta denbora inplikatuko dituen komisariotza jarri nahi dute abian, baina, aldi berean, horiek gainditzeko gai izango dena. 

Azkenik, Betariz Herraezek azaldu duenez, Artium Museoaren proposamenaren xedea zera da: komisariotzaren dimentsio historiko eta narratiboaren garrantzia biltzen duten praktika kuratorialak ikertzea eta garatzea; Euskadin praktika artistikoen testuingurua garatzeko garrantzitsuak izan diren azterlan espezifikoen kasuak, artisten ibilbideak, testuak, erakusketak, espazioak eta bestelako ekimenak.

 

Hiriburutzaren legatua

Komisario Berriak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta lehen ediziotik Tabakaleraren, Azkuna Zentroaren, Artiumen eta Montehermosoren (Gasteiz) laguntza izan zuen. Hala, 2016an, laborategien formatuko topaketak egin ziren Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta horiei amaiera emateko, erakusketa bat egin zen Azkuna Zentroan (2016ko abendua eta 2017ko urtarrila) eta Montehermoson (2017ko urtarrila eta otsaila).

Komisario Berriak-en ibilbidea deialdi batekin hasi zen. Deialdi horren bidez, komisarioaren esparruan interesa zuten 10 pertsonako talde bat hautatu nahi zen, hiru egoitzatan. Bigarrenik, hautatutako 10 pertsonek lau edo bost eguneko hiru laborategitan parte hartu ahal izan zuten, eta horietan bi ikastaro-proposamenetan lan egin zen. Azkenik, egoitza-aldiaren ondoren, komisario parte-hartzaileek Bilbo eta Gasteizko erakusketa horiek erakutsi zituzten. Guztira, erakusketetara joan zen publikoa kontuan hartuta, 4.725 lagunek parte hartu zuten Komisario Berriak ekimenaren jardueretan. Lehen edizio haren ondoren, Komisario Berriak izan zen Kultur Hiriburutzaren legatu gisa jarraipena ematea erabaki zen ekimenetako bat.

2018ko edizioan, komisarioari laguntza eman zitzaion, azken hamarkadetan euskal praktika artistikoei arreta ematen zieten proiektuak ikusaraziz. Horretarako, deialdi bat egin zen berariazko azterketa-kasu gisa funtzionatzen duten proiektuetarako: artisten ibilbideak, erakusketak, espazioak, proiektuak, argitalpenak, eztabaidak, testuak eta Euskadiko praktika artistikoen testuingurua garatzeko garrantzitsuak diren beste ekimen batzuk.