“LA NUEVA BABILONIA”, errusiar zinema mutuaren klasiko bat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzenean dela,Tabakaleran | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2017-10-19 09:00

“LA NUEVA BABILONIA”, errusiar zinema mutuaren klasiko bat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzenean dela,Tabakaleran

“La Nueva Babilonia” film mutua, Grigori Kozintsev eta Leonid Trauberg zinemagileek zuzendua, urriaren 24an emango da, 20:00etan, Tabakalerako Patioan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zuzenean interpretatuko du errusiar zinemako klasiko honen soinu-banda, Dmitri Shostakovichek konposatua.

Kontzertu/proiekzioaren aurretik, "Las revoluciones: repensando el canon del cine soviético" (Iraultzak: sobietar zinemaren kanona birpentsatzen) doako hitzaldia izango da, Elías Querejeta Zine Eskolaren zuzendari Carlos Muguiroren eskutik.

 

KUTXA KULTUR, TABAKALERA, EUSKADIKO FILMATEGIA eta EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA erakundeek bat egin dute zinema mutuaren funtsa berreskuratzeko, “La Nueva Babilonia” Grigori Kozintsev eta Leonid Trauberg zinemagileek zuzenduriko errusiar film klasikoaren proiekzioarekin. Mélanie Lévy-Thibaut frantziarraren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko du zuzenean filmaren soinu-banda, Dmitri Shostakovich musikariak konposatua.

Filma, 1929. urtean lehen aldiz emana, sobietar zinemaren 20ko urteetako aro modernistaren titulu handietako bat da, eta 1871n Parisko Komunan komunisten aurka egindako sarraskia kontatzen du. Benetako arte-lana, sobietar propagandaren adierazgarririk onenetako bat da.

Soinu-banda, batez ere bals, polka eta leloz osatua, Shostakovich errusiar gazteak idatzi zuen 23 urte baino ez zituenean. Partiturak, autorearen lehenengoa zinematografia-mundurako, pisu sinfoniko handia du eta bere ardatza filmeko pertsonaien barne-emozioak eta sentimenduak ikusleari hurbilaraztea da, dramatismoaren bidez.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretaturiko soinu bikainek zuri-beltzeko mundu batean murgilaraziko dute ikuslea bi orduz, Shostakovich errusiarraren erritmo zirraragarri eta gogora ekarleek ondurikoan. Zinemaren historian, Shostakovich aitzindaria izan zen irudiak musikarekin uztartzen.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak proiekzio honetan izango duen parte-hartzea musika sinfonikoa jendartean ezagutarazteko apustuaren baitan kokatzen da, eta hori soinu-banda ospetsuen interpretazioaren bidez. Besteak beste, “The crowd” eta “Wings” film mutuen emanaldietan musika jarri du Orkestrak, eta azken urteotan zuzenean eman du, adibidez, “Lo Imposible” arrakastatsuaren soinu-banda.

“La Nueva Babilonia” TABAKALERAko Patioan emango da, historia garaikidearen gertakizunik garrantzitsuenetako bat izan zen 1917ko Errusiar Iraultzaren, mendeurrena ospatzen den garaian.

Aurretiko hitzaldia: Kontzertu/proiekzioaren aurretik, hitzaldia emango du Carlos Muguirok, Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendari eta "Estética de la naturaleza en el cine ruso y soviético" izeneko tesiarekin Humanitatean doktoreak: "Las revoluciones: repensando el canon del cine soviético" (Iraultzak: sobietar zinemaren kanona birpentsatzen). Ekitaldia aurkeztuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Oriol Rochek eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek. Oriol Rochek egitasmoa Shostakovichen musika unibertsoan kokatuko du. Sarrera libre jarlekuak bete arte.

Zinema mutua eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizune honetarako sarrerek 18€ko prezioa dute aurretik eta 22€koa leihatilan. Sarrerak erosteko www.kutxakultur.eus.

KONTZERTUA: ZINEMA ETA MUSIKA ZUZENEAN: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta “LA NUEVA BABILONIA” filmaren proiekzioa.
Izenburua:
La nueva Babilonia (Novyy Vavilon) Grigori Kozintsev eta Leonid Traubergena, URSS, 1929 (120’)
Noiz: Urriaren 24 asteartea, 20:00etan.
Non: Tabakalerako Patioa
Prezioa: 18€ (aurretik) eta 22€ leihatilan.
Sarreren salmenta: www.kutxakultur.eus

AURRETIKO HITZALDIA: 18:00etan. “Las revoluciones: repensando el canon del cine soviético”
(Iraultzak: sobietar zinemaren kanona birpentsatzen).
Hizlaria: Carlos Muguiro, Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendari eta Estética de la naturaleza en el cine ruso y soviético" izeneko tesiarekin Humanitatean doktorea.
Aurkezleak: Oriol Roch, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia, eta Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria.
Non: Kutxa Kultur Plaza (Tabakalera, 4. solairua)
Sarrera libre jarlekuak bete arte.