Blog Tabakalera

Tabakalera Taulara

2018-08-22 13:50

Tabakalera Taulara

chico_y_chica.jpg

Uztailaren 5ean, Ud-ha 2018 ekimenaren barruan, Tabakalera Taulara programazioa hasi zen, Chico y Chica artisten Notario (Encadenado). Un concierto hablado lanarekin. Erdia abestua eta erdia kontatua den ikuskizun hori bikotearen “Notario: Cuaderno de apreciaciones” (Austrohúngaro, 2016) album eta liburuko materialean oinarrituta dago. Soinu-fikzioaren, hitzezko liburuaren eta abesti irakurriaren arteko proposamen bat da.

Lehen eguna zenez, ekimena inauguratzeko, programa bikoitza egin zen Agnès Perekin, zeinak “Earworm Season” esperimentua prestatu baitzuen. Saio horretan, astebetez burutik kendu ezin ditugun abesti horietako ugari jarri zituen.

Bigarren saioan, Inazio Escuderok Anonimato & Invicta aurkeztu zuen, Mutilated Judgeren ezusteko kolaborazioa izan zuen kontzertu kuadrafonikoa.

Hirugarren astean, euriak lehen solairuko patioko aretora lekualdatzera behartu gintuen; bertan, Carla Fernández eta Óscar G. Villegasen Éter lana ikusi ahal izan genuen. Proposamen horrek mugimendua eta zuzeneko soinu-konposizioa biltzen ditu, eta nola mugi gaitezkeen eta gauzen arteko espazio hori -guztiarekin lotzen gaituen eter edo mintz ikusezin hori- nola mugi daitekeen aztertzen du.

Uztaileko azken ostegunean, Elisa Artetak Relatos desde el cuerpo aurkeztu zuen: artistak, dantza egiten zuen bitartean, berak aurretiaz idatzitako testu baten irakurketa proposatu zigun, gure begirada bideratzeko eta geure gorputza sentiarazteko, baita beste gorputz batzuk sentitu eta elkar hunkitzeko ere.

horman_poster.jpg

Abuztua Horman Posterren Iragan perfektua lanarekin hasi genuen. Dramaturgia dokumentalak mugimenduan jartzen ditu 70eko hamarkadako irudiak eta oroitzapenak. Nola gogoratu bizi izan ez duzuna? Irudien bidez? Zer gogora dezakegu? Irudiak bakarrik? Iragan perfektua memoriaren konposizio zuri-beltza da. Gugan aztarna utzi zuen baina aldi berean ezagutzen ez dugun 70eko hamarkadan zeharreko ibilbidea.

Abuztuko bigarren astean patioko aretora itzuli ginen (gure B plana, euria iragartzen dutenerako), eta Cuqui Jerezen Unos pasodobles lanaz gozatu genuen. Pasodobleetarako idatzitako ekintzen serie bat da; horren bidez, gauzen jokatzeko era ikus dezakegu. Mugitzen diren paisaia minimo horiek ikusleari kontenplazio-egoera bat proposatzen diote; bertan, martxan jartzen dira hiper-arreta, ikusmina, suspentsea eta emozioa.

Ziklo honen zazpigarren saioan, Navaridas & Deutinger-ek Your majesties aurkeztu zuten. Alex Deutingerrek hitzez hitz errezitatzen du Barack Obamak Osloko Bakearen Nobel Sariaren zeremonian emandako hitzaldia. Bitartean, Marta Navaridasek haren mugimenduak gidatzen ditu, eta Estatu Batuetako presidentea txotxongilo bihurtzen du; hala, beste errealitate batera eramaten gaitu, non gorputzak hitzek esaten dutena ukatu, eraldatu, azpimarratu edo distortsionatzen duen.

cuqui_jerez.jpg

Oraindik denboraz zabiltza azken bi saioak ikusteko. 

Los Torreznos taldearen La cultura ekintza-lanak kulturari buruzko konferentzia bat izan litekeena hartzen du abiapuntutzat, gero hainbat ikuspegitatik desegiteko. Ekintza-artearen eta antzerki esperimentalaren arteko mugan dagoen lana da.
Hitz gutxi eta sinpleak erabiltzen dira.

Bukatzeko, Talking Pictures. Una película hablada zikloa, Silvia Zayas eta Esperanza Colladorena. Filmik gabeko filma, non ikusleak izango baitira proiektatzaileak. Hainbat artistak Madrilgo hainbat auzotako zinema zaharkituetan zehar egindako ibilbide-sekuentziak oinarri hartuta, ekintzak, elkarrizketak eta afektuak berriz muntatzen dira.

 Itxaso Corral eta Maia Villot

Tabakalera Taulararen komisarioak

 

Zure iritzia adierazi