Martxoaren 26tik aurrera ikusgai Arzak. Mundu osoa lau koloretan margotua | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-03-26 13:00

Martxoaren 26tik aurrera ikusgai Arzak. Mundu osoa lau koloretan margotua

Martxoaren 26tik apirilaren 14ra, Arzak. Mundua osoa lau koloretan margotua erakusketak zentzumenentzako esperientzia bat, ibilbide bat proposatzen du Juan Mari Arzaken unibertsoan barrena.

 
 

Martxoaren 26tik apirilaren 14ra, Arzak. Mundua osoa lau koloretan margotua erakusketak zentzumenentzako esperientzia bat, ibilbide bat proposatzen du Juan Mari Arzaken unibertsoan barrena.  70ko hamarralditik aurrera euskal sukaldaritzaren iraultzaren eragileetako bat izan zen horren ibilbideak nazioarteko sona lortu zuen mugimendua hobeto ulertzen laguntzen digu eta Euskal Sukaldaritza Berria bultzatu zuten balioen inguruko gogoeta akuilatzen du, artea oinarri hartuta.  

M. Luisa López Telleria, Jankontuak-eko kidea komisarioa duela, erakusketak lau kolore ditu iturburu: gorria, berdea, zuria eta beltza. Erakusketaren haria mamitzen duten Hasier Etxeberria kazetari, idazle eta gastronomoaren testuetariko batean jasotzen den legez, Juan Mari Arzakek esana da kolore horiek direla euskal sukaldaritzaren ezaugarri diren lau saltsen koloreak: bizkaitar saltsaren kolore gorria, perrexil-saltsaren berdea, pil-pil-saltsaren zuria eta txipiroi-tintaz egindako saltsaren kolore beltza. Gainera, koloreekin batera, bost zentzumenak eta umorea (ezin besteko osagaia Arzaken izaera ulertzeko) dira erakusketaren funtsaren oinarri. Askotariko bilduma aberatsa da berau osatzen duena:  irudiak, eguneroko bizitzako objketuak, artelanak, ikus-entzunezkoak, testuak, lekukotasunak, oroirgarriak eta abar; horiek bisitariaren ikusmena, dastamena, usaimena, ukimena, entzumena eta umorea baliatzen dituzte berau Arzaken historian zehar gidatzeko.

Dokumental bat eta liburu bat erakusketaren kontakizuna osotzeko. Erakusketaren ibilbidean zehar Zinea sortzen ekoiztetxeak ekoitzitako Mesas y musas. Izan zirelako gara, garelako izango dira dokumentaletik ateratako sei pieza daude ikusgai. Horietan  bere bizitzan zehar Juan Mari Arzak zaindu, hezi, lagundu duten emakumeak edo beretzako inspirazio iturri izandakoak dira protagonista: bere ama, bere emaztea, alabak eta baita areto-, irteera- zein sukalde buruak ere. Gainera, Arzaken historia laburbiltzen duen liburua burutu da, batetik erakusketako nahiz famili-albumetik ateratako irudi sorta eta, bestetik, Arzaken sukaldeko plater ezagunenak biltzen dituen errezeta-bilduma osatuz.

Bestalde, erakusketarekin lotura duen hainbat jarduera egingo da Tabakaleran, esaterako “Babetten oturuntza” (Gabriel Axel, 1987) daniar filmaren proiekzioa, Euskadiko Filmategiaren “Gustokoena” zikloaren baitan; hori baita Juan Mari Arzakek ekainaren 13an eskainiko zaion saiorako aukeratu duen pelikula.

Eta Arzaken inguruan San Telmo Museoak gauzatutako erakusketa-proiektuaren testuinguruan, beste zenbait ekintza aurreikusi dira: Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean, museoa eta Tabakalera lotuko dituen ibilbide gastronomikoa; ibilbideko hainbat guneetan Arzakek gehien atsegin duen platera dastatzeko aukera izango da: arrautza frijituak pikillo piperrekin. Errezeta horixe bera du oinarri Gipuzkoako Ostalaritzak hiriko sukaldariei luzatu dien erronkak: “Arzak” izena harturik, osagarri horiek erabilita pintxo bat sortzea, alegia. Eta Basque Culinary Center erakundearen baitako Bculinay Club delakoak ikastaroak antolatu ditu Arzaken sukaldeko plater ospetsuenak prestatzen ikasi nahi dutenentzat.