Blog Tabakalera

Mugimendurako denbora / Artistentzat aukera-gunea

2017-08-24 12:58

Mugimendurako denbora / Artistentzat aukera-gunea

Iragan udaberrian Itziar Okariz eta Jon Mikel Euba gonbidatu genituen aspaldian Tabakaleran martxan jartzeko gogoz ginen artisten trebakuntzarako programari hasiera eman ziezaioten.

Ideia sinplea zen: mugimenduaren edo transitoaren kontzeptutik abiatuta, artista talde batek Itziarrek eta Jon Mikelek proposatutako dinamiketan sartzeko aukera izan zezan lekua eta denbora eskaintzea, hiru astetan zehar. Transitoa edo mugimendua denbora/leku tarte bat bezala ulertzen da hemen, abiapuntu bat eta helmuga bat dituena, eta eraldaketa bat eragingo lukeena. Parte hartzaileek, horretarako, Tabakalerako Sortzaileen gunean, trebakuntza programa garatuko zen lekuan, kokatutako estudioak erabilgarri izango zituzketen.

artista lantegiak

Gonbidapenari erantzunez, Itziarrek eta Jon Mikelek planteamendu bat egin zuten: parte hartzaileek aurkakoen bitartez ikas zezaten, bataren eta bestearen proposamenetatik, baina besteak eskatzen ziena zer zen jakin gabe. Azken finean, Itziarrek eta Jon Mikelek proposatzen zutena artisten arteko elkarrizketa bat zen, lengoaia plastikoen gaineko gogoeta bat, horiek zeinu sortzaile diren heinean eta zeinu horiek eraldatzeko tresna ere bai, aldi berean.

Uztailean iritsi zen unea, Tabakalerako lehen trebakuntza programa hasi zen hamabi pertsonek osatutako talde batekin. Beren perfilen arabera, bi multzotan sailkatuko genituzke parte hartzaileak:  unibertsitateko ikasleak, Arte Ederretako lehen eta azken mailetakoak, eta artista lizentziatu berriak.

Guzti guztiak, hori bai, bere praktikan aurrerapausoak emateko gogoa partekatzen zutenak, horretarako denbora eta leku bila etorri zirenak. Eta horixe izan zen aurkitu zutena.

20170710_artista_lantegiak_02.jpg

Udako hiru astez Itziar eta Jon Mikelen proposamen honetan murgilduta egon ostean, behin trebakuntza amaituta, parte hartu duten artistek beste hiru astez Sortzaileen Guneko estudioetan jarraitzeko aukera izan dute, beren praktikarekin jarraitzeko eta egonaldi batean giltzarri izaten den une batean sartzeko: estudioko bakardadeari aurre egitea.

Prozesua amaitu ostean, Tabakaleratik aspalditik aldarrikatzen genuena berresten dugu: artistentzat eta beren praktikarentzat aukera-guneak sortzeko beharra; espazioaren eta denboraren garrantzia, hormena, praxirako, gogoetarako, sorkuntzarako eta suntsiketarako, berriz hasteko eta aurrera egiteko leku den estudioarena; eta baita, taldea babesteko beharra, kontraste eta kritikarako, topaketa eta desadostasunerako leku gisa.

 

Ane Rodríguez Armendariz
Tabakalerako kultura zuzendaria

 

 
Zure iritzia adierazi