“PARETAKO NEWS / ALAM AL-MITHAL” KOOPERAZIO PROIEKTUAK CASABLANCA ETA DONOSTIAREN ARTEKO HARREMANA IRUDIKATZEN DU | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-03-29 11:30

“PARETAKO NEWS / ALAM AL-MITHAL” KOOPERAZIO PROIEKTUAK CASABLANCA ETA DONOSTIAREN ARTEKO HARREMANA IRUDIKATZEN DU

Bere bigarren edizioan, Gipuzkoa Cooperaren baitan kokatutako proiektuak, bi hirien arteko artista-trukea ahalbidetu du.

Jada gauzatu da Tabakalerak 2017. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Coopera programaren baitan abiatutako “Paretako News / Alam Al-Mithal” elkartasun proiektuaren bigarren edizioa. Ekimen horren helburua da eztabaida eta gogoetarako aproposa izango den gune bat sortzea, Casablanca hiri marokoarraren eta Donostiaren arteko lankidetzatik abiatuta. Lankidetza hori bi hirien zein hiritarren errealitateak, ezberdintasunak eta antzekotasunak harremantzen dituzten ekintzen bidezko elkartruke artistikoan gauzatzen da.

Bigarren edizio honetan, Ainara LeGardon artistak egonaldia egin zuen Casablancan eta, paraleloan, Hosni Al-Moukhlis eta Sawsan Bourhil artistak Donostiara etorri ziren “zapalduen antzerkian” oinarritutako beren proiektuak garatzeko. Horiek Tabakaleraren Harrotu ileak proiektuaren baitan egin zituzten, non astero gazte magrebtar talde bat biltzen den eduki kulturalak lantzeko. Ikasturte honetan zehar, “zapalduen antzerkia”ren inguruan ari dira lanean, Maria Zapata antropologoaren laguntzarekin. Modu horretan, iaz hasitako kooperazio proiektuari jarraipena ematen ari diote.

2018. urtean zehar gauzatutako “Paretako News / Alam Al-Mithal” egitasmoaren bigarren edizioaren akabera gisa, Casablancan eta Donostian egindako lan-prozesuaren nondik norakoa biltzen duen mural gazeta aurkezten da orain. Berau osatzeko, azken etapa honetan, bi hirietan lan egin duten eragileei gehitu zaizkie Maddi Zumalabe, Jon Aranguren (Asteazkenak estudioa) eta Omar Lhamzi ilustratzaileak. Norbera bere testuingurutik abiatuta, bakoitzak ekintzen edukia ikuslengoaiaren bidez islatzeko corpus estetiko bana sortu dute. Egiako pasabidean kokatutako horma horrek aukera eman nahi digu bi munduren arteko harremanak irakurri eta, behar bada, proiektuaren izenburuari helduta, hainbat muga (fisiko zein sinbolikoak) erabat desagerrarazteko ez bada ere, baztertzeko behinik behin.

 

Hots-esperimentazioa Casablancan, “zapalduen antzerkia” Donostian

Proiektuaren bigarren edizioaren jomuga bikoitza izan da: batetik, entzutearen praktika erabili da errealitatea aztertzeko, espazioak, harremanak eta pertsonen izaera modu orokorrean antzematerakoan nabarmentzen ez diren ezaugarriak balioetsiz, eta baita sarritan oharkabean galtzen diren ahotsak azaleratzeko; bestetik,  pribilegio-zapalkuntza dikotomia mahaigaineratu nahi izan da, gero eta nabarmenagoa eta agerikoagoa dena arrazoi sozio-ekonomikoengatik, eta hortik abiatuta ezberdinak direnen arteko harremana aztertu da.

Lehenbizi, bi hirien arteko kooperazioa azaroan hots-esperimentazioan aditu Ainara LeGardonek egindako egonaldiaren bidez gauzatu zen. Horien asmoa zen hiria entzun eta artista gazte casawui talde batekin hots-esperimentaziorako teknikak partekatzea. Astebetez hirian barrena, bere ahotsen eta eguneroko hotsetan barrena egindako ibilbideak Casablancaren ikuspegi soziologokoa ez ezik ikuskera urbanistikoa ere eman zien, hiriaren irakurketa kritikoa ahalbidetuz, eztabaida eta ideien elkartrukerako baliabideak eman zizkien irakurketa, hain zuzen. Casablancako Boultek Kulturgunean -Centre de musiques actuelles– eta hirian zehar egindako ibilaldietan egin zen ekintza horrek hainbat gauzen inguruko jakin nahia piztu zuen Ainara LeGardonen  bidelagun izan ziren gazteengan: esaterako, hiri handi guztien hotsak berdinak ote diren edo ingurunearen entzute aktibo zein kontzientearen zailtasunak zeintzuk diren.

Donostian, ondoren, Hosni Al-Moukhlis eta zuten euren ekintza; parte hartzerako bide gisa “zapalduen antzerkia” baliatuta, Tabakalera segurtasun espazio legez erabili ohi duten gazte magrebtarrekin lan egin zuten eta, azaroko azken astean, hegoaldeko herrialdeetatik iparraldekoetarantz gertatzen diren migrazioa-mugimenduen inguruan hausnartu zuten eta, horrekin batera, migrazio-politiken ondorioez eta arraza, genero edo klasearen araberako zapalketaren inguruan; gainera, gorputz- nahiz antzerki-dinamikak landu zituzten aldatu nahiko lituzketen eguneroko bizitzako egoerak eta gizarte-egiturak ageriko egiteko. Ekintza horrek jarraipena izan du gerora Harrotu ileak proiektuko tailerretan, gizarte antzerkian edo “zapalduen antzerkia”n aditu María Zapata antropologoaren eskutik. 

 

 

PARETAKO NEWS / Alam Al-Mithal

Gipuzkoa Coopera eta Tabakaleraren arteko lankidetza proiektua.

Proiektuaren koordinatzaileak: Salah Malouli, Tabakalera.

Artistak: Ainara LeGardon, Hosni Al-Moukhlis eta Sawsan Bourhil.

Dokumentazioa: Asteazkenak Estudioa (Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren), Omar Lhamzi, Rafa Rodrigo, Tabakalera.