Cale, cale, cale! Caale!!! - Picnic at Hanging Rock - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Picnic at Hanging Rock

Peter Weir-en film bat

Picnic at Hanging Rodk, Peter Weir

Picnic at Hanging Rock, Peter Weir, Australia, 1975, 110’

Zinemaren historiako filmik misteriotsu, txundigarri, makur, eder eta enigmatikoenetako bat. Esperientzia ahaztezina da; oraindik ikusi ez baduzu, ikusi beharra duzu (eta pantaila handian, gainera!). Gero, David Lynch arraroa dela esango dute. Eta bai, bada. Baina baita Peter Weir ere. Gero esango dute Sofia Coppolak nerabezaroaren, heriotzaren eta sexualitatearen sekretuak argitu zizkigula The Virgin Suicides (1999) filmean. Eta bai, izan daiteke, baina Ipar Amerikako zuzendariak beti aipatzen du australiar film hau zuzeneko erreferentzia gisa.

1900. urtea, San Balentin eguna. Neska nerabe talde batek victoriar estiloko Appleyard eskolan ikasten du, Australia hegoaldean. Egun batean, txangoan joango dira Hanging Rockera, sumendi-jatorria duen arroka-formazio batera. Une horretan aktibatuko da erritua: badirudi beroa, natura eta arroka misteriotsua neska gazteen gorputzen eta espirituen jabe egin direla. Une horretan bertan, denbora eta espazioa ere eraldatu egingo dira; magikoa eta onirikoa denak narrazioa hartuko du, eta filma zinema sentsorial eta atmosferikoari buruzko tratatu bihurtuko da.

Gaztetasuna, heldutasuna, sexualitatea, kultura, errepresioa, natura eta askatasuna, harrizko mendi baten azpian. Horri laguntzeko, kontrastez beteriko soinu-banda eta Russell Boyderi Bafta sari bat irabazteko bide eman zioten irudi ahaztezinak.

 
 

Más actividades de Cadabra-abra:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.