Tabakalerak bi erakusketa aurkeztu ditu udazkenerako | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2017-10-27 13:15

Tabakalerak bi erakusketa aurkeztu ditu udazkenerako

Cale, cale, cale! Caale!!!, Juan Canelak komisariatutako erakusketa eta Hot Iron Marginalia Adrià Julià-ren bakarkako erakusketa urriaren 27tik datorren urteko otsailaren 4ra bitarte egongo dira ikusgai.

Tabakalerak udazken honetarako aldi berean gertatuko diren bi erakusketa aurkezten ditu: Cale, cale, cale! Caale!!! Juan Canela komisario izan duen talde-erakusketa da, Hot Iron Marginalia, berriz, Adrià Julià artistaren bakarkako erakusketa. Bi erakusketok urriaren 27an, ostirala, zabalduko dituzte ateak eta 2018ko otsailaren 4ra arte egongo dira ikusgai.

 

Cale, cale, cale! Caale!!!

 1. Erakusketa aretoan kokatutako mostra, 2016 urtean zehar garatu zen Tabakalerako komisariotza egonaldiaren emaitza da. Juan Canela (Bartzelona, 1980) izan zen komisario-egoiliarra, eta bere egonaldian zehar bertako testuinguru artistikoa gertutik ezagutzeko, eta bere proiektuan sakondu eta lan egiteko aukera izan zuen. Egonaldi horren emaitza gisa orain aurkezten den erakusketan, Canelak zortzi artista edo/eta kolektiboren lanak bildu ditu, horietako asko ekoizpen berrikoak. Lan guztiak batzen dituen haria naturarekiko harremanean magiak eta erritualak betetzen duen lekuaz dihardutela da.

Magia eta arrazionaltasuna, beraz. Dikotomia hori, bi kontzeptu horien artean hautatu beharra, zibilizazio modernoaren jatorrian dagoen gai nagusietako bat da. Beti bigarren aldeko hautua nagusitu eta lehena bazterrean utzi nahi izan delarik. Baina, desagerrarazteko makina bat ahalegin egin izan diren arren, arrazoiaren lerro zuzenketatik aldentzen diren beste pentsatzeko modu batzuk saihestezinak dira, eta indarrean jarraitzen dute. Eremu lauso eta dudazko horixe da, hain zuzen, Cale, cale, cale! Caale!!! erakusketan batzen diren proiektuen jokalekua. Erakusketan honako artista hauek hartzen dute parte: Elena Aitzkoa, Valentina Desideri & Corazón del Sol, Tamar Guimarães & Kasper Akhøj, Oier Iruretagoiena, Equipo Jeleton, Rometti Costales, Beatriz Santiago y Osías Yanov.

Erakusketaren osagarri gisa jarduera programa zabal bat ere izango da. Eta baita zine ziklo bat ere, Tabakalerako zinema aretoan. Azaro eta abenduan zehar hainbat film eskainiko dira zinea magiarekin, ezkutukoarekin, espiritualtasunarekin, erritoekin, sakratua denarekin, araoekin, eta agerpen-desagerpenekin lotzen dutenak.

 

Hot Iron Marginalia

Bestalde, Hot Iron Marginalia, Adrià Julià (Bartzelona, 1974) artistaren bakarkako erakusketa da. Orain Tabakaleran aurkezten den hau joan zen maiatzean Bartzelonako Fundació Joan Mirón egindako erakusketaren jarraipena da. Site specific gisako mostra bat da, hau da, berariaz Tabakalerako 2. Erakusketa aretorako pentsatu eta diseinatua. Eta bertarako, Adriàk ekoizpen berriko lau lan sortu ditu.

Mostraren abiapuntuan Kataluniako eliza erromanikoen inguruko argazki-artxibo bat dago. Ikus-entzunezko lanen, instalazioen eta artxiboko materialaren bidez, proiektu honek lekualdatzearen nozioari eta kultura-inportazioen eta -esportazioen inguruko harreman ekonomikoen eraginei buruz eta, ondorioz, horien esanahiei eta inplikazioei buruz hitz egiteko proposamena egiten du. Juliàk, zehazki, aldez aurretik urruti daudela diruditen gertaeren artean gurutzatzen diren harremanak ikertzen ditu proiektu honetan: esate baterako, iragan mendearen hasieran pintura erromaniko katalanak erosle estatubatuarrei saltzea, mende horren amaieran futbol amerikarra Bartzelonara ekartzea eta, aldi berean, Montjuïc kirol-zentro bihurtzea.

Erakusketaren izenburua Ipar Amerikako “The iron is now hot” adierazpenetik dator; merkataritza-giroan erabili ohi zen, merkataritza-operazio on bat amaitzeko une aproposa izendatzeko. Juliák, bere ikerketan, American Art Association elkarteko Gustavus T. Kirby-ren 1917ko gutun batean aurkitu zuen esaldi hori. Gutuna obra erromanikoen gaineko interes komertzialari buruzkoa zen, eta Arxiu de la Ciutat de Barcelona artxiboan dago gordeta. Marginalia-k monje kopiagileek lan ordu luzeetan liburuen marjinetan egiten zituzten marrazki, zeinu eta dekorazio-elementu gehigarriei egiten die erreferentzia.