Tabakalerako Sortzaileen guneak ateak irekiko ditu datorren ostiralean | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-04-30 11:15

Tabakalerako Sortzaileen guneak ateak irekiko ditu datorren ostiralean

Saioari amaiera emateko, O.R.G.I.A. kolektiboak 40 años SON. Somos calle / somos lucha, somos historia somos nosotras performancea eskainiko du Esther Ferrer. 2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23…, erakusketarekin lotutako jarduera-programaren barruan.

 

Udaberria hemen dela ospatu eta lehen egoiliar taldeari ongi etorria egiteko, Tabakalerak Sortzaileen gunea irekiko du maiatzaren 3an, 16:00etatik 18:00etara, bertara sartu eta lehen eskutik ezagutu ahal izateko bertan lanean diharduten artisten lana.

Guztira zazpi artistak aurkeztuko dituzte euren proiektuak goizean: Saioa Burutaran, Eszter Katalin, Camila Sposati, Izaro Ieregi, Susana Cámara, Philip Widmann eta Emilio Moreno.

 

Lantegi irekiak saioaren egitaraua:

16:00 - Ongi etorria

16:30 - Saioa Burutaran

16:45 - Eszter Katalin

17:00 - Camila Sposati

17:15 - Izaro Ieregi

17:30 - Susana Cámara

17:45 - Philip Widmann

18:00 - Emilio Moreno

 

Sortzaileen gunea artisten eta eragile kulturalen prozesuak laguntzeko zerbitzua da. Espazio honi loturik dagoen egonaldi programaren helburua artisten mugikortasuna bultzatzea da, arte-ekoizpen eta ikerketa lagunduz. Horretarako, Tabakalerak deialdiak luzatzen ditu, proiektuen garapenaz gain, nazioarteko profesionalen eta tokiko eragileen arteko sareak sortzea helburu dutenak, hainbat modalitate ezberdinetako egonaldien bitartez.

 

Genealogia politikoak eta artistikoak

Jardunaldia osatzeko, O.R.G.I.A kolektiboak 40 años SON. Somos calle / somos lucha, somos historia somos nosotras perfomancea eskainiko du 19:00etan erakusketa aretoan Esther Ferrer. 2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23… erakusketaren jarduera programaren barruan.

O.R.G.I.A sortzaile kolektibo bat da (Beatriz Higón, Carmen Muriana eta Tatiana Sentamans). Proiektu horren barnean, bertako kideek ikerketa- eta sorkuntza-lana egiten dute generoaren, sexuaren eta sexualitatearen inguruan, posizionamendu feminista eta queer batetik. Identitate gorabeheratsu, ezegonkor eta endekatua da, diziplina metodologiko desberdinetatik igarotzen dena bere desirari jarraituz eta bere interes artistiko eta politikoek bultzatuta. Proiektu honen produkzioa gainjarri eta nahasi egiten da egileen prestakuntza artistikoarekin eta beren bizitzako eta ikerketako esperientziarekin. Askotariko ikuspegi elastiko eta porotsuak, iruditeria bakar batean uztartzen direnak, non sorkuntza plastikoa tresna kritiko baliotsua baita.

Erakusketarekin lotutako jarduera-programak aurrera jarraituko du datozen asteotan.  Maiatzean Paula Valero (maiatzak 10), Maialen Lujanbio (maiatzak 17) eta Isidoro Valcárcel-Medina (maiatzak 24) sortzaileen performanceak ikusteko aukera izango da. Azken jarduerak, maiatzaren 25ean, Esther Ferrer bera izango du protagonista, erakusketako performance bat aktibatuko du artista donostiarrak.