- VFXen munduari begiratua - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

VFXen munduari begiratua

Jose Miguel Zapata Rubioren masterclassa

 

VFXen mundua gero eta garrantzitsuagoa da, eta oso interesgarria da ikuspegi teknologikotik nahiz artistikotik. Arlo ugari elkartzen eta hartzen ditu barne, sketch kontzeptual soiletik hasi eta nazioarteko ikus-entzunezko ekoizpen handi eta mediatikoetaraino. Sektore hori askotariko diziplinek osatzen dute, eta gero eta gehiago gara arlo ugarietara nola hedatzen den jabetzen garen lekukoak: askotariko ikus-entzunezko ekoizpenak, bideo-jokoak, errealitate birtuala, etab.

VFXen munduaren ikuspegi ahalik eta zabalena eskainiko dugu, enpresa txiki edo handi batean lan egitearen arteko desberdintasunak aztertuko ditugu, eta freelance (autonomo) gisa edo kontratu batekin lan egiteak zer dakarren ikusiko dugu. Horrez gain, proiektu baten barruan aurki ditzakegun rolak ere aztertuko ditugu: modelatzailea, FXTD, konposatzailea... Horretarako, adibideak erabiliko ditut; hau da, beste batzuekin batera egin ditudan telebistako/Interneteko iragarki eta pelikulen efektu bisualak sortzeko prozesuaren "breakdown"/"making off" baliatuko ditut, proiektu horiek nola lantzen diren ikusteko, alderdi teknikotik eta artistikotik.

 

 

Jose Miguel Zapata Rubio (Madril, 1973). 3D senior artista digitala eta efektu digitalen gainbegiratzailea. 23 urteko esperientzia dauka. Ikus-entzunezkoen eta efektu digitalen sektoreko hainbat enpresatan lan egin du, bai estatuan bai nazioartean. Hainbat saritarako izendapenak jaso ditu, baita sari ugari jaso ere; saririk aipagarrienak ikusizko efektu onenen 2 Goya dira. Azken 20 urteotan, CGI proiektu asko eta askotarikotan aritu da lanean; horri esker, Espainiako eta nazioarteko zinemaren arloan ikusizko efektuen arloan esperientzia sendoa eskuratu du. Horrez gain, telebistarako eta publizitaterako lanak ere egin ditu. 3D generalista eta konposatzaile digital gisa duen esperientzia artistiko luzea dela-eta, 3Dko arlo ia guztiak ezagutzen ditu; horri esker, produkzioaren askotariko alderdi eta urratsetan parte hartzeko gaitasuna du, diseinutik hasi eta amaierako irudia sortu arte.

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.