Fokuak (FK) - Zama (Lucrecia Martel, 2017, 115') - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Zama (Lucrecia Martel, 2017, 115')

Zama

Zama, Lucrecia Martel, Argentina, 2017, 115'

Joan den urtean, gure fokuetako bat Lucrecia Martel zuzendari argentinarrari dedikatu genion; Tabakaleran izan genuen, bere filmak aurkezten eta bere zinema eta obrari buruz hitz egiten. Orduko hartan ezin izan genuen Zama proiektatu, oraindik areto komertzialetan zegoelako; hori dela eta, fokuak aurretiko film luzeak eta zinemagilearen hasierako lan laburrak aztertu zituen. Bada, Lurralde Berriak kontzeptuari buruzko foku berri honek aukera ematen digu gure aretoan Lucrecia Martelen atzera begirakoa ixteko. 

Don Diego de Zama Asunciónen bizi den XVII. mendeko espainiar ofiziala da; Buenos Airesera noiz lekualdatuko zain dago. Espainiako erreinua eta noizbait haren urrezko etorkizunerako izan zituen esperantzak oso urrun gelditu dira jada. Orain, zerbait noiz gertatuko itxarotea besterik ez dago, tristetzen duen urruntasun eta noraez sentsazio hori gainditzeko ahaleginetan. Zer itxaron daiteke batek dena galdu duenean? Zer itxaron daiteke norberaren lurraldea, intimoa eta geografikoa, desagertu denean? Nora jo batek ez duenean tokirik ez mundu berrian eta ez zaharrean? 

Bitxia da Martelen filmak oinarri duen nobelak (Zama, Antonio Di Benedetto, 1956) eta Lurralde Berriak zikloa irekitzen duen Herzogen filmak partekatzen duten irudia: ibai baten zurrunbiloetan harrapatutako tximino baten gorpua. Baliteke irudi horrek gordetzea ziklo honetan planteatzen den tesiaren esentzia: aurrerabidearen eta konkistaren porrota, eta tristura existentzial hori abentura berri bilakatzeko beharra: humanismo berria, forma berriak, lurralde berriak.

“Hiritik atera nintzen, errekan behera, zain zegoen itsasontzia bakarrik aurkitzeko prest, noiz iritsiko zen jakin gabe. Kai zaharrera iritsi nintzen, azaltzeko ezinezkoa den eraikuntza horretara; izan ere, hiria eta portua betidanik egon dira egun dauden tokian, legoa laurden bat gorago. 
Makilen artean nahasita, bertara iristen den ibaiko uraren zatia mugitu egiten da. 

Olatu txiki eta zurrunbiloekin, irteerarik gabe, joan eta etorri dabil, zehaztasunez, hildako tximino bat, oraindik osorik eta deskonposatu gabe. Basoaren aldean, ura beti izan da bidaiatzeko gonbidapena; hark ez zuen gonbidapen hori onartu tximino izateari utzi eta tximino gorpu bihurtu arte. Urak eraman egin nahi zuen, eta eramaten zuen, baina kai zaharreko makiletan korapilatu zen, eta hantxe zegoen, joan ez joan, eta han geunden. 
Han geunden, joan ez joan”.

Antonio Di Benedetto, Zama. 

Más actividades de Lurralde berriak:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.